Kontsumo prezioek gora egin dute Espainian bigarren hilabetez jarraian, eta inflazioa uztaileko %2,3tik %2,6ra igo da. Erregaien prezioak izan dira, INEren arabera, igoeraren arrazoi nagusia. Iazko uztailean merkatu egin ziren, eta aurten, berriz, garestitu. Argindarrarekin, berriz, alderantziz gertatu da; nabarmen garestitu zen iaz, eta aurten, merkatu.
Bestela, azpiko inflazioa —ez ditu kontuan hartzen erregaiak eta elikagaiak— apaldu egin da: %6,2tik %6,1era.
Alemanian ere, zenbait estatutan igo egin da inflazioa; adibidez, Ipar Renania-Westfalia estatu populatuenean, %5,9ra. Herrialdeko KPI harmonizatuaren tasak, berriz, behera egin du, uztaileko %6,5etik %6,4ra, analistek jaitsiera handiagoa espero zuten arren.
Interes tasak
Adierazleoi begira, gero eta analista gehiagok uste dute EBZ Europako Banku Zentralak azken igoera bat egingo duela interes tasetan, irailaren 14ko Gobernu Kontseiluan. Prezioei buruzko abuztuko datu aurreratuek azaltzen dutenez, inflazioaren beheranzko joera oraindik ez da agerikoa eurogunean, eta beherakada ikusteko irailera arte itxaron beharko da gutxienez.
Gero eta hurbilago ikusten da inflazioaren apaltzea. Dagoeneko badira zantzuak erakusten dutenak euroguneko ekonomia «hozten» ari dela. Besteak beste, 2010. urtetik lehen aldiz, M3 adierazleak erakutsi du euro billete eta txanpon gutxiago daudela zirkulazioan. Eta diru masaren murrizketa, normalean, motelaldi ekonomikoaren atarikoa izaten da.