Hezkuntza

Jaurlaritzak behartu egingo ditu eskola garraioko enpresak hutsik dauden ibilbideak egitera

Jokin Bildarratzek, Hezkuntza sailburuak, esan du eskola garraioaz arduratzen diren enpresen jokabideak «legez kanpokoak» diren susmoa dutenez, fiskaltzara joko dutela.

Eskola garraio autobus bat, artxiboko argazkian. ANDONI CANELLADA, FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko irailaren 1a
17:58
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta eskola garraioaz arduratzen diren enpresen arteko gatazkak urrats bat egin du aurrera. Jaurlaritzak eskola garraiorako ibilbideen lehiaketa egin zuen urtearen hasiera aldera, eta lehiaketara ateratako 467 ibilbidetatik 387 geratu ziren hutsik; Gipuzkoako ibilbide ia guztiak bete ziren, Araban gutxi eta Bizkaian bat ere ez. Hori ikusirik, Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek iragarri du Eusko Jaurlaritzak behartu egingo dituela aurreko ikasturtean eskola garraioaz arduratzen ziren enpresak aurten hutsik dauden ibilbide guztiak betetzera. Esan du datorren astean argitaratuko dela «nahitaez betearazteko agindua» buletin ofizialean, eta ordutik aurrera bete egin beharko dutela. Beteko ez balute, «kontratazio debekuak ezartzeraino» iritsi daitezkeela ohartarazi du.

Eskola garraioaz arduratzen diren enpresek esan dute lehiaketa publikoan ezarritako baldintzekin —aurreko ikasturtearen ostean lortutako aurrekontuaren %24,1eko igoera mantenduta— ezin dituztela ordaindu zerbitzua eskaintzeak sortzen dizkieten kostuak, eta ez dela errentagarria. Bildarratzek, ordea, nabarmendu du irizpideak berdinak direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta «logika ekonomiko eskaseko jokabideak» identifikatu dituztela; esaterako, aurrekontu txikiko ibilbide bat onartu izana, eta handiko bat ez.

Hezkuntza sailburuak adierazi du «susmoak» dituztela garraio enpresa batzuen jokabidearen inguruan: «Gure susmoa da legearen kontra jokatzen ari direla». Horregatik, esan du «jasotako frogak» helaraziko dizkietela EAEn lehia arautzeaz arduratzen den erakundeari eta fiskaltzari. Nabarmendu du haien «susmoa» dela garraio enpresa horiek elkarrekin ados jarri direla Eusko Jaurlaritzari baldintza ekonomiko jakin batzuk eskatzeko eta etekin gehiago lortzeko. Hori legez kontrakoa dela esan du, «lizitazioak lehia suposatzen duelako». Zerbitzua «manipulatu» izana leporatu die.

Bildarratzek esan du hutsik dauden ibilbide horiek «nahitaez» beteko dituzten enpresei zerbitzuaren kostu erreala eta %6ko etekin industriala ordainduko dietela. «Eskola garraioa bermatu behar da», nabarmendu du Bildarratzek, eta eskolatzean daukan eragina gogorarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.