Hilberria

Carme Junyent hizkuntzalari katalana hil da

Hizkuntza gutxituen ikerketan eta katalanaren aldeko borrokan nabarmendu zen. Atzo hil zen, 68 urterekin.

Carme Junyent hitzaldi bat ematen Gasteizen, 2016an. JUANAN RUIZ / FOKU
Aitor Garmendia Etxeberria.
2023ko irailaren 4a
12:47
Entzun 00:00:0000:00:00

Batez ere, hizkuntza gutxituen arloan nabarmendu zen Carme Junyent hizkuntzalari katalana, baina Katalunian bizi diren etorkinen mintzairen arloan eta hizkuntzen antropologian ere lan handia egin zuen. Azken egunera arte borrokatu zuen lengoaia gutxituetako hiztunen eskubideen alde.

Masquefa herrian (Katalunia) jaio zen, 1955an. Filologia ikasi zuen Bartzelonako Unibertsitatean, eta Alemanian zein Estatu Batuetan osatu zuen formakuntza. Etxera itzulita, Afrikako hizkuntzen inguruko doktorego tesia egin zuen, eta, ordutik, bizitza guztia eman zuen hizkuntza gutxituen arloko ikerketan. 1990eko hamarkadan Hizkuntza Mehatxatuen Ikerketarako Taldea sortu zuen beste zenbaitekin batera Bartzelonako Unibertsitatean.

Transmisioa eta eleaniztasuna nabarmentzen zituen hizkuntza gutxituen iraupenerako tresna gisa. Horrela adierazi zion BERRIAri 2011n egindako elkarrizketa batean: «Gezurra da gizarte elebakarrek bizirik irauteko aukera handiagoa dutela eleaniztunek baino. Bunker moduan jokatzen duten gizarteak izan ohi dira ahulenak kanpoko mehatxuak gertatuz gero. Gizarte eleaniztunek, berriz, hobeto eusten diete kanpoko mehatxuei, eta bizirik irautea lortzen dute.». Gainera, hizkuntza politikak «garrantzitsuak» direla uste zuen arren, garbi zuen politikek ez dutela bermatzen hizkuntzen biziraupena: «Ez dut hizkuntzarik ezagutzen hizkuntza politikei esker bizirik irautea lortu duenik. Hizkuntza batek iraungo badu, hiztunek erabiltzen dutelako izango da».

Beste elkarrizketa batean azaldu zuen mintzairak «akabatzen» direla hiztunak beren hizkuntza ez erabiltzeko «estututa». Junyentek azken egunera arte jardun du katalanaren alde borrokan. Katalanez artatua izateko eskubidea defendatu zuen bere bizitzako azken egunetan. Hil ostean argitaratzeko artikulu bat idatzi zuen, Morir-se en català (Katalanez hiltzea). Artikulu horrekin administrazioari gogorarazi nahi zion katalanek eskubidea dutela beren hizkuntza mintzatuz hiltzeko, eta badagoela horretan zer hobetu.

Bere azken egunetan mediku eta erizainekin izandako gorabeherak kontatzen ditu artikuluan. Mediku batek, gaztelaniaz artatua izateko arazorik ote zuen galdetuta, honela erantzun zion: «Nire arazoa da bizitza osoan borrokatu naizela jendea katalanez hil ahal izateko. Orain, niri egokitu zaidanean, kontsekuentea izan behar dut». Gainera, nabarmendu zuen ezin garrantzitsuagoa dela hizkuntza medikuntzan: «Nire ustez, medikuntzako profesionalek, eta bereziki haien hezitzaileek, argi izan beharko lukete hizkuntza tratamenduaren parte dela. Jakina, Estatu Batuetan eta Alemanian hitz eginez gero, ez dugu espero katalanez artatuko gaituztenik. Baina gure etxean espero dezakegun gutxienekoa da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.