Eusko Jaurlaritzak gaur onartu du Noemi Ostolaza Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendari berri gisa. Joan den ostiralean iragarri zuten Monika Hernandok ez zuela karguan jarraituko. Ostolaza (Orio, Gipuzkoa, 1974) pedagogia lizentziaduna da, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko kabineteko zuzendaria izan da orain arte. Gainera, maiatzeko hauteskundeetan, Orioko EAJren alkategai aurkeztu zen, eta, ordutik, herriko zinegotzia da.
Lehen ere izan zen zinegotzia Ostolaza, 2003 eta 2015 bitartean. Beste kargu publiko batzuetan ere jardun du: Jaurlaritzan Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailean aholkulari aritua da, eta Gipuzkoako Foru Aldundian ere jardun du aholkulari.
EAEko Aldizkari Ofizialean Irailaren 1ean argitaratu zuten aurreko zuzendari Monika Hernandoren kargu uztea. Hamar urtez izan du zuzendaritzaren ardura, eta, orain, Bilboko Udaleko Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazio Zuzendaritzan arituko da.