EAEko Hezkuntza Legea

Hizkuntza politika eta segregazioa, EH Bilduren zuzenketen oinarriak

Lege proiektuari aurkeztuko dizkion zuzenketen ildo nagusiak aurkeztu ditu Pello Otxandiano EH Bilduren programa zuzendariak. Otxandianok uste du udazkenean «une erabakigarrian» sartuko dela Hezkuntza Legearen eztabaida.

Pello Otxandiano, artxiboo irudian. MONIKA DEL VALLE  / FOKU
edurne begiristain
2023ko irailaren 6a
14:27
Entzun 00:00:0000:00:00

EH Bilduk EAEko Hezkuntza Lege proiektuari aurkeztuko dizkion zuzenketen norabidearen berri eman du gaur Donostian, prentsaurrekoan. Pello Otxandiano EH Bilduren programa zuzendariak azaldu duenez, udazkenean lege horren eztabaida «une erabakigarrian» sartuko da, eta horri begira sei lerro nagusietan sakontzea beharrezkoa dela esan du.

Batetik, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa eskaintzen duten ikastetxeek eskubideak eta betebeharrak dituztela gogoratu du, eta, legeak zerbitzua erregulatu behar duenez gero, azpimarratu du ongi zehaztu beharko lukeela nola bermatu eskubideak betebeharrak betetzen ez direnean. «Egoera demografiko honetan hezkuntza sistemaren eraldaketak eskatzen ditu joko arau garbiak, eta horrek esan nahi du Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa erregulatu egin behar duela».

Horrez gain, EH Bilduk zehaztapen gehiago eskatuko ditu ikastetxeen autonomia bermatzearen inguruan. «Nola ziurtatu sistemaren deszentralizazioa, ikastetxeen autonomia oinarri, hezkuntza kalitatearen hobekuntza sistemikoaren eta ekitatearen mesedetan izango dela?», galdetu du Otxandianok. Haren hitzetan, sistemaren gobernantza mekanismoak definitzea falta da legean.

Bestetik, EH Bilduk uste du euskarri juridikoak definitu beharko direla ikasketak amaitzean ikasleak bi hizkuntza ofizialetan B2 eta atzerriko hizkuntzan B1 mailarekin atera daitezen. EH Bilduren programa zuzendariak azaldu duenez, ereduen eztabaida gaindituta dago, eta helburua izan behar da zehaztea zein den maila horiek erdiesteko behar den hizkuntza politika. «Eztabaida ez da ereduak bai ala ez, baizik zer hizkuntza politika behar den eta zer arkitektura juridikoa eskatzen duen», zehaztu du.

Horrekin batera, segregazioari aurre egiteko herri ituna planteatzeko abagunea dela iritzi dio EH Bilduk, jaiotza tasaren beherakadak eragiten duen lehia albo batera utzita. EH Bildurentzat, egiturazko neurriak behar dira lege proiektuan segregazioa amaitzeko.

Digitalizazioari buruzko hausnarketa ere mahai gainean jarri nahi du koalizioak.«Iruditzen zaigu honetaz gutxiegi hitz egin dela. Norantz eramango gaituen ez dakigun iraultza digital baten aurrean, ez ote da prekauzio printzipioa aplikatu behar hezkuntza legean?», galdetu du Otxandianok.

Azkenik, EH Bilduk uste du udazkenean eskola publikoaren aldeko plan estrategikoa definitzeko garaia izango dela. Otxandianok nabarmendu duenez, ezinbestekoak dira sistemaren eraldaketaren ondoriozko jauzia egitea kalitatean, eskola segregazioaren kontrako planifikazio estrategikoa abiatzea eta «anbizio handiko» inbertsio plana egitea azpiegitura eta ekipamenduetan.

Urriaren 3an bukatuko da Hezkuntza Lege proiektuari zuzenketak aurkezteko epea. Voxek, PP+C’s-k eta Elkarrekin Podemos-Iuk osoko zuzenketak iragarri dituzte, eta EAJ eta PSE-EE lanean ari dira zuzenketak elkarrekin aurkezteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.