Eusko Jaurlaritza

Urkulluk dio autogobernua eta euskara direla «etorkizuneko proiektuaren» gakoak

Datorren ostegunean eginen da Politika Orokorrari buruzko eztabaida, baina gaur zabaldu dute lehendakariaren solasaldiaren laburpena.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ikasturte poitikoaren hasieran. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko irailaren 11
12:23
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskara, autogobernua eta «Euskadik Europako Batasunean parte hartzea» dira Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «Euskadiren etorkizuneko proiekturako» planteatu dituen zutabe nagusiak. Datorren ostegunean eginen den Politika Orokorrari buruzko eztabaidan horiez mintzatuko den arren, gaur zabaldu du bere solasaldiaren laburpena.

Euskararen zutabeari dagokionez, dokumentuak zehazten du Jaurlaritza Euskararen Sustapenerako Ekintza Plan berria garatzen ari dela, eta legealdia amaitu baino lehen onartuko dutela. Plan berri horrek zehaztuko du zein izanen den «hurrengo hamar urteetan hizkuntza politikak hartu behar duen norabidea», eta Euskararen Aholku Batzordean lantzen ari dira.

Autogobernua «orainaren eta etorkizunaren giltzarria» dela dio Urkulluk, baina «azken urteetako balantzea gazi-gozoa» dela. Alderdi positiboen artean nabarmendu du Autogobernuaren Ponentziaren barruan aurrerapenak egon zirela estatutua erreformatzeko –legealdi honetan gelditu direnak–. Hala ere, «ez ziren nahikoak izan arau akordio bat lortzeko, baina ziur nago funtsezkoak izango direla etorkizuneko adostasunei eusteko».

Alderdi negatiboez ere mintzo da Urkullu, eta «autogobernua higatzeko baliatzen diren bideak eta moduak askotarikoak» direla dio. Zehazki, bost adibide emanen ditu. Lehenbizikoa «[Espainiako] Estatuaren araugintza hegemoniaren zabalkundea» da. Espainiako Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziari buruzkoa da bigarrena; lehendakariaren erranetan, «gero eta murriztaileagoa da, eskumen autonomikoen kaltetan». EAE Euskal Autonomia Erkidegoak Europar Batasunean duen parte hartzea Espainiak «bultzatu» behar duela dio Urkulluk, «autogobernuaren berezko ezaugarri argia» delako. Euskaraz mintzo da laugarren adibidea: «Ezin dugu alde batera utzi azken urte hauetan auzitegi batzuek daramaten ekinbide tematsua euskararen inguruko administrazio jarduerak etengabe zalantzan jarriz. Euskara, Gernikako Estatutuaren 6. artikuluaren arabera, bi hizkuntza ofizialetako bat da». Azkenik, «egiteko dauden transferentziak osorik ez onartzea».

Europako Batasuneko parte hartzea da «Euskadiren etorkizuneko proiekturako» azkeneko zutabea. Urkulluk dio «Euskadik Europako Batasunean parte har dezan lanean» ari direla: «Eusko Jaurlaritza lehen lerroan dago Ardatz Atlantikoaren interesen defentsan Europan. Eskualde eta nazio atlantikoek zuzenean parte hartzen duten ekimen bat sustatzen dugu, trantsizio hirukoitza (berdea, digitala eta soziala) aurrera eramateko». Europako Atlantikoko lurraldeetako erakunde eta eragileekin aliantzak egiten ari dira, «makroeskualde atlantikoaren proposamena» dutela ardatz. «Gure autogobernuaren osasuna eta nazioartekotzeko dugun gaitasuna funtsezkoak izango dira gure herriaren etorkizunerako», borobildu du.

Balantzea

Etorkizuneko ikuspegia datorren osteguneko hitzaldiaren hiru zutabeetako bat bertzerik ez da izanen. Lehenbiziko bi ataletan nazioarte mailako eraldaketa ekonomikoen, sozialen eta politikoen azterketa, eta Jaurlaritzaren konpromisoen balantzea eginen ditu lehendakariak. Hala, gogoratuko du legealdia hasi zutela pandemiarekin eta Ukrainako gerrarekin. Hala ere, gizarteak «aparteko garai» horri aurre egin diola dio: «Kostua oso handia izan da (humanoa, emozionala eta sozioekonomikoa), baina gainditzen ari gara».

Legegintzaldian 36 lege proiektu onartzea aurreikusten zuten, horietatik 34 onartu dituzte, eta falta direnak onartzeko zain daude. Horrez gain, Eusko Legebiltzarrak 35 lege onartu ditu legegintzaldian. Horien %67 oposizioko talderen bateko aldeko botoarekin eta %17a abstentzioarekin. «Datu horrek agerian uzten du badagoela borondate bat, etengabe, adostasunak estuago lotzeko; alegia, Jaurlaritza babesten duten legebiltzar taldeek ordezkatzen duten gehiengo osotik harago», dio lehendakariak.

Jaurlaritzak planteatutako hamar helburuez ere mintzatuko da Urkullu. Zehazki, horietako biren inguruan: jaiotza tasak %10 handitzea eta energia berriztagarrien kuota energiaren azken kontsumoaren %20 izatea. «Emaitzek erakusten dute oraindik ere beharrezkoa dela arlo horietako politika publikoak indartzen jarraitzea», borobildu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.