Herritarren %4 «benetako pobrezian» bizi dira, Eusko Jaurlaritzaren arabera

Azken hamarkadako ehunekorik txikiena bada ere, gero eta herritar gehiago bizi dira ongizate faltaren arriskuan

Pobrezian bizi den pertsona bat Donostiako Kursaaleko zubian eskean. GORKA RUBIO / FOKU
iraia vieira gil
2023ko irailaren 11
15:46
Entzun 00:00:0000:00:00

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pobrezia adierazleak neurtzeko, Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunei buruzko Inkesta egin du aurten ere Eusko Jaurlaritzak. 10.000 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte galdeketan, eta, emaitza nagusien arabera, «hobekuntzak» izan dira aurreko urteekin konparatuz. «Benetako pobreziaren» ehunekoa, esaterako, azken hamarkadako txikiena izan da: 2012an, biztanleen %5,3 bizi ziren «benetako pobrezian» eta, 2022an, %4.

Pobreziaren inguruko «pertzepzio subjektiboa» ere aldatu egin da, eta herritarren %2,4k baino ez dute beren burua pobretzat hartzen. Duela hamar urte, berriz, %0,6 gehiagok.

Biztanle gehienek uste dute, %92,2k, ongizatea dutela. Prezioen igoerak eta soldaten izozteak, baina, eragina izan du herritarren aisialdian, eta askok ezin dituzte «normaltzat jotzen diren jarduerak» egin. Horiek horrela, ongizaterik ezaren arriskua da gehien handitu den aldagaia. %6,9tik %8,2ra igo da, adibidez, neguan hoztu diren etxeen kopurua, eta %16,3tik %19,2ra igo da ezusteko gastuak ordaindu ezin dituzten biztanleen ehunekoa.

Pobrezia baldintzatzen duten beste aldagai batzuk ere badaude. Atzerritarren %19,9 bizi dira «benetako pobrezia egoeran»; gainerako herritarren artean, %2,1eko da ehunekoa. Gazteen egoera hobetu egin da, baina 55 eta 64 urte bitartekoek ez dute aldaketa handirik nabaritu: %3,3 pobre bizi dira oraindik ere. Emakumeen kopurua, gainera, gizonezkoena baino handiagoa da: %4,2 eta %3,8 hurrenez hurren.

Lurraldetasunak ere eragina du pobrezian: biztanleen %5,1 pobrezian bizi dira Araban, %3,9 Bizkaian, eta %3,7 Gipuzkoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.