INFLAZIOA

Erregaien garestitzeak %2,7ra igoarazi du inflazioa Hegoaldean

Elikagaien garestitzea gutxitzen ari bada ere, erregaiak garestitu besterik ez dira egin udan. Azpiko inflazioak %6tik gora jarraitzen du.

Madrilgo gasolindegi bateko langile bat erregaien prezioak aldatzen. SERGIO ORDúñEZ / EFE
inaut matauko rada
2023ko irailaren 12a
10:42
Entzun 00:00:0000:00:00

Inflazio orokorrean aldaketa handirik ez da izan abuztuan, %2,6tik %2,7ra egin baitu gora Hego Euskal Herrian. INE Espainiako Estatistika Insitutuaren datuen arabera, erregaien garestitzeak igoarazi du batez ere KPI kontsumorako prezioen indizea. Elikagaien garestitzeak beheranzko joerarekin jarraitzen du, nahiz eta oliba olioaren prezioek alarmak piztuarazi dituzten azken asteotan.

Egunero eta egunero garestiago daude erregaiak. Uztailaren hasieratik, astez aste, garestitu egin dira gasolioa eta gasolina. 95 gasolinaren litroak batez beste 1,621 euro balio zuen ekainaren 26an, eta atzo 1,770 euroan zegoen. Dieselaren litroak, berriz, 1,462 euro balio zuen ekainaren amaieran, eta atzo 1,673 euro ziren.

KPIaren bilakaeran ere ikus daiteke hori; izan ere, uztailean negatiboa zen, -%14,4, eta abuztuan ere negatiboa izan bada ere, -%4ra hazi da. Hau da, uztailean erregaia 2022an baino %14,4 merkeago zegoen, eta abuztuan soilik %4 merkeago.

Oliba olioaren alarma

Gutxinaka bada ere, elikagaien garestitzea txikitzen ari da, nahiz eta inflazio orokorra baino handiagoa den oraindik: ia lau aldiz gehiago. Uztailean %10,1 zen elikagaien inflazioa, eta %9,8 da abuzutuan. Hala ere, azken asteetan oliba olioaren prezioek goiburuak bete dituzte; izan ere, leku askotan 10 eurotik gora dago litroa. Supermerkatu batzuk botilei alarmak jartzen hasi dira, jendeak lapurtu ez ditzan.

Kontsumitzaileen hainbat elkartek gogor salatu dute oliba olioak prezio handiegia duela, OCU Espainiako Kontsumitzaileen Elkarteak esaterako, eta Espainiako Nekazaritza Ministerioari inspekzioak egiteko eskatu diote.

Azpiko inflazioa, %6tik gora

Elikagaien eta erregaien prezioak oso aldakorrak direnez, azpiko inflazioa da EBZ Europako Banku Zentrala gehien kezkatzen duen aldagaia; bi ondasun horiek kontuan hartu gabe kalkulatzen da azpiko inflazioa. 2022ko uztailetik %6tik gora dago, eta ez dirudi hortik jaitsiko denik hemendik gutxira.

Azken hilabeteetan tarteka gora eta tarteka behera egin badu ere, %6tik gora jarraitzen du, %6,3an kasu honetan. 2021eko abuztura egin behar da atzera (bi urte) %1etik beherako azpiko inflazioa ikusteko.

Etxeko ohiko gastuek ematen dute lasaitasuna orain ere. 2021ean, argindarra asko garestitu zen denbora gutxian, eta etxeko berokuntzaren, argiztapenaren eta bestelako gastuek izugarri egin zuten gora. Ukrainako inbasioak areagotu egin zuen hori, gasaren garestitzeagatik, baina azken hilabeteetan asko merkatu dira gastuok. Egun negatiboa da ondasun horien inflazioa, -%34,9.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.