Libia

Libia ipar-ekialdea hondamendi eremu izendatu dute uholdeengatik; 5.200dik gora dira hildakoak

‘Daniel’ zikloiaren ondorioz 8.200 lagunetik gora desagertu dira, agintarien eta GKEen arabera.

Hondamendia, Derna hirian. @MIDIAGOVLIBYAN
ander perez zala
2023ko irailaren 12a
12:45
Entzun

Orduek aurrera egin ahala, gora baizik ez dute egiten Libia ipar-ekialdean hildakoen eta desagertuen kopuruek. Daniel zikloiaren ondorioz, Derna hiriaren inguruko bi urtegik gainezka egin zuten atzo, eta horrek uholdeak eragin zituen. Dagoeneko 5.200dik gora dira hildakoak, eta 8.200 lagun inguru daude desagertuta, ekialdeko GSU Elkartasun Nazionaleko Gobernuaren eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Federazioaren arabera. Egoera hori dela eta, nazioarteak aitortzen duen eta mendebaldean dagoen GNU Batasun Nazionaleko Gobernuak hondamendi eremu izendatu du kalteturiko eremua.

GSUko lehen ministro Osama Hammadek atzo adierazi zuen egoera «katastrofikoa» dela, eta auzo batzuk «erabat desagertu» direla; batez ere, Dernan —han gutxienez 7.000 desagertu zenbatu dituzte—. Gobernuko horretako Abiazio Zibileko ministro Hitxem Txkiuat hiri horretan izan da, eta Reuters berri agentziari adierazi dio Dernaren «%25 desagertu» dela. «Gorpuak daude nonahi».

Egoera larria da, gobernuz kanpoko erakundeek ere salatu dutenez, eta GNUko lehen ministro Abdul Hamid Dbeibehk gaur jakinarazi du konboiak mendebaldetik ekialdera bidean direla; hamalau tona laguntza eramaten ari dira. Eta, agerraldi batean, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Federazioaren Libiarako mandatari Tamer Ramadanek esan du jende «asko» hil dela, eta espero dutela milara iritsiko dela kopurua datozen egunetan; «suntsituta» dago Libia ipar-ekialdea, haren arabera.

Erreskate taldeak, soldaduekin, boluntarioekin eta herritarrekin batera, suntsituriko eremuetan lanean ari dira gorpuak ateratzeko, ahal duten moduan. Batez ere, oraindik laguntza gutxi jaso dutelako, Dernan sartzea zaila baitago.

Hiri horretatik 80 kilometrora ere, Susa «ur azpian» dago, hango Larrialdi eta Anbulantzia Zerbitzuko zuzendari Hamdi al-Hasik azaldu duenez; ez du, ordea, biktimei buruzko daturik eman. Baidan ere uholdeak izan dira, eta gutxienez 50 lagun hil dira; eta Marjen and Xahaten ere izan dituzte zailtasunak atzodanik, lekualdaketak tarteko. Hiru herri horiek Jabal al-Akhdar eremuan daude; hor egiten du euri gehien urtero.

Nazioarteko laguntza

Aljeriak, Arabiar Emirerri Batuek, Egiptok, Tunisiak eta Turkiak laguntza bidaltzeko asmoa helarazi dute atzodanik; humanitarioa, eta erreskate lanetarako sostengua. Ameriketako Estatu Batuak ere prest agertu dira, baina Nazio Batuen Erakundearekin eta GNUrekin hitz egiten ari dira laguntza nola koordinatu erabakitzeko.

Hain justu, Libiako Presidentetza Kontseiluko buru Mohamed Yunus al-Menfik herrialdeei eskatu die laguntza bidaltzeko, eta azaldu du Italiarekin eta Espainiarekin ere mintzatu dela. GNUko lehen ministroak atzo esan zuen kalte ordainak emango dizkietela biktimei, eta hiru dolu egun ezarri zituen.

Europako Batzordeko Krisien Kudeaketarako komisario Janez Lenarcicek Marokon eta Libian gertaturikoa baliatu du gaur, oroitarazteko baliabide gehiago behar direla muturreko fenomenoen «normaltasun ikaragarriari» aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.