Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko eztaibaidan egindako hitzaldiaren oinarri nagusietako bat izan da autogobernuaren afera. Lehendakariak «balantze gazi gozoa» egin du azken urteetan egin diren urratsez, baina egindako transferentzia batzuez haratago, gazitik gehiago izan du bilakaerak, Urkulluk berak aitortutako arazoei erreparatuz gero: «Eskumenen higadura larri bat eman da». Lehendakariak euskararen aurkako ekinbide judizialak ere salatu ditu, eta helburutzat jarri Osakidetzako itxaron zerrendak murriztea.
Kupoa berritzeko akordioa zein Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeen kudeaketa eta bizitzeko gutxieneko diru sarrera Eusko Jaurlaritzaren esku geratu izana nabarmendu du Urkulluk, baina, era berean, aitortu du azken hilabeteetan jada ez dela esperotako urratsik egin eskumenen transferentziari dagokionez. Izan ere, iazko irailetik ez da eskualdaketarik egin. Jaurlaritzak Madrili zenbait proposamen egin dizkion arren, urratsak motel doaz edo, zuzenean, ez dute Espainiako Gobernuaren erantzunik izan. «Laburbilduz, azken urte eta erdi honetan ez da bete Espainiako Gobernuak hitzartutako transferentzien egutegia», aitortu du Urkulluk.
Egun, Jaurlaritzaren sei proposamen ditu Madrilek mahai gainean: itsas salbamendua, makinaria egiaztatzeko zentroa, zinematografia funtsa, meteorologia, itsasertzaren kudeaketa eta migrazioa. Eta datozenetan hilabeteetan beste lau ere iritsiko zaizkio, Urkulluren esanetan: Pasaiako portua, Fogasa, paradoreak eta osasun eraikinen titulartasuna. Hala, lehendakaria Espainiako gobernu berri bat iritsi zain dago, gaiari berriz heltzeko.
Transferentzien erritmo falta ez da, baina, arazo bakarra. Lehendakariak salatu du eskumenen urraketak «joko arauak haustea» eragin duela. Zehatzago, hiru kexa plazaratu ditu: «estatuaren araugintza hegemonia» zabaltzea, Espainiako Konstituzio Auzitegiaren joera «gero eta murriztaileagoa» eta Jaurlaritzak Europako Batasunean rol handiago bat ez izatea. Azken horri dagokionez, Espainiako Gobernuari urratsak egiteko eskatu dio; hala nola, Atlantikoko makroeskualdea sustatu dezala Europar Kontseiluko presidentetza izan bitartean. Izan ere, Urkulluren iritziz, Atlantikoko eskualdeak «atzean geratzeko» arriskuan daude, Europako Batasuna ekialderantz eta Mediterraneorantz lerrokatzen ari delakoan.
Urkulluk erreferentzia egin dio berak planteatutako «konbentzio konstituzionalari» ere, Espainiako estatuaren lurralde ereduan aldaketak egiteko unea delakoan, ikuspegi «baztertzaileak» atzean utzi eta «plurinazionalitatea» aitortuz: «Itunaren bidetik marko instituzionalaren funtzionamendua hobetzeko eta berritzeko gonbidapen bat da». Halere, ez du bertan jorratu beharrekoaren inguruko xehetasunik eman, «marko instituzionalaren funtzionamendua» berritzeko tresna izango litzatekeela esatetik haratago.
Autogobernuaren gaineko hirugarren ardatza, berriz, estatus berriaren proiektua dela azaldu du. Halere, aditzera eman du ez dela legealdia amaitu aurretik jorratuko. Afera gobernu akordiotik kanpo utzi zuten EAJk eta PSE-EEk 2020an, eta lehendakariaren esanetan, hilabete hauek ere ez dira «une egokia» gaiaren inguruko akordioak egiteko.
Euskara
Lehendakariak adierazi du «arduraz eta kezkaz» bizi duela euskarak egun duen egoera, uste baitu arlo askotan «gutxietsia» dagoela, edo zuzenean baztertua. Izan ere, Urkulluk salatu du azken urteetan zenbait auzitegik «ekinbide tematsua» izan dutela euskarak administrazio publikoan izan beharreko lekua zalantzan jartzeko, «euskara gure bi hizkuntza ofizialetako bat dela ezertan kontuan hartu gabe».
Hala, «garrantzi berezia» eman dio Europako Batasunean euskarak estatus ofizial bat izateko aukerari: «Uste dut erabaki horrek bermea eta babesa emango dizkigula euskal hiztun bezala dagozkigun hizkuntza eskubideetan, eta bultzada emango diola gure hizkuntzaren estatusari Espainiar estatuan».
Haren hitzetan, datozen hamarkadetan norabidea finkatzeko unea da, eta Euskararen Sustapenerako Ekintza Planean egin du indar; adierazi du prest egongo dela legealdia amaitu aurretik. Legealdia amaitu baino lehen onartu nahi du Hezkuntza Legea ere.
Osakidetza
Urkulluk «autokritika» hiru elementutara mugatu du bere hitzaldian. Energia berriztagarrien kontsumoa oraindik kontsumo osoaren %20ra iristeko —%16,6 da egun— eta jaiotze tasa %10 igotzeko helburuak bete ez izana, eta Osakidetzaren kudeaketa; zehazki, itxaron zerrendei eta plantillari dagokionez. Hala, osasungintzak pisu handia hartu du legealdiaren azken txanparako asmoen artean. Osasun Publikoaren Legea, osasun mentalerako estrategia, Osakidetzako plantilla egonkortzea, inbertsio plan berri bat garatzea eta itxaron zerrendak murriztea. Guztiak ere legealdia amaitu bitarte bete beharrezko helburuak. Itxaron zerrenden kasuan, sei hilabeteko epean nahi du lehen arretako itxaronaldia 48 ordura murriztea eta kontsulten %70 aurrez aurre izatea —egun, %61 dira—.
Etxebizitza eta zaintza
Bestelako asmoen berri ere eman du. Etxebizitza arloan, besteak beste, 90 milioi euro bideratuko ditu Jaurlaritzak alokairu sozialeko programetara, eta beste hemeretzi milioi Gaztelagun programara; eta adierazi du etxebizitzarako eskubide subjektiboaren inguruko dekretu bat onartuko duela Gobernu Kontseiluak aurten. Zaintza alorrean, berriz, «itun sozial bat» bultzatu nahi du: «Eredu berria erakundeen, familien, hirugarren sektorearen eta enpresen arteko elkarlanaren emaitza izan behar da»
Lehendakariak ertzainei ere bidali die mezua, Jaurlaritzaren eta sindikatu korporatiboen arteko talka presente izanik. Negoziazio mahaia «irekita» dagoela adierazi du, eta gogoratu Segurtasun Sailak 37 hobekuntza proposatu dizkiela: «Errealismoaren printzipiotik eta etorkizuneko politikak eta inbertsioak baldintzatu gabe, egoera desblokeatzea ahalbidetuko duen akordiorako gure benetako borondatea berresten dut».