'Rubiales auzia'

200 metroko urruntze agindua ezarri diote Rubialesi

Espainiako Futbol Federazioko presidente ohiak Auzitegi Nazionalean deklaratu du, eta leporatutako bi delituak ukatu ditu. Jokalariarekin harremanetan jartzea ere debekatu diote, baina ez du hamabostean behin epaitegira joan beharko.

Luis Rubiales, Espainiako Auzitegi Nazionaletik ateratzen. SERGIO PEREZ, EFE
jon ordonez garmendia
2023ko irailaren 15a
13:41
Entzun 00:00:0000:00:00

Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente ohiak Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu du gaur, Munduko Futbol Koparen finalean Jennifer Hermoso jokalariari eman zion muxuaren aferan. Inputatuta deklaratu du, baina Rubialesek leporatzen dizkioten bi delituak ukatu ditu. Esan du jokalariaren onespena zuela muxu emateko, eta ez zuela Hermoso edo haren inguruko inor presionatu bere alde egiteko.

Auzitegi Nazionalean dago auzia, Espainiaren mugetatik kanpo gertatu zelako, Sidney-n. Bi delitu leporatzen dizkio Fiskaltzak: sexu eraso abusua eta derrigortze delitua. Hitzordua baino ordubete lehenago iritsi da Rubiales auzitegira, Olga Tubau abokatuarekin batera. Parte guztien galderei erantzun die. Ez sartzean ezta ateratzean, ordea, ez die kazetariei adierazpenik egin nahi izan. Ikusmin handia piztu du deklarazioak.

Ikusi gehiago:Analisia. Olatz Artola Apeztegia: 'Zenbat Rubiales'

Deklarazioa amaitzean, Fiskaltzak badaezpadako bi neurri hartzeko eskatu dio epaileari. Rubiales Hermosorengandik gutxienez 500 metrora urruntzeko agindua, eta auzia amaitu bitartean harekin harremanetan jartzeko debekua. Gainera, hamabostean behin epaitegira joan beharko du sinatzera. Epaileak, ordea, eskaera horiek arindu egin ditu: Hermosogandik 200 metrora urruntzeko agindua ezarri dio. Jokalariarekin harremanetan jartzeko debekua bai, onartu du epaileak, baina ez hamabostean behin epaitegian bere burua aurkeztu behar izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.