Eskola garraioko enpresek berriz ere helduko diote beren zerbitzuari datorren astelehenetik aurrera. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eman du erabakiaren berri, eta adierazi du garraio enpresekin batera adostu dutela «eskola garraioaren egoera aztertzea eta etorkizunerako hobekuntza proposamenak egitea».
Jakitera eman dutenez, enpresek aurreko ikasturteetako zerbitzu bera eskainiko dute, baldintza ekonomiko berberetan. Bi aldeen arteko elkarrizketen bidez, baina, eskola garraioaren «baldintzak zehazteko oinarriak» finkatzen ahaleginduko dira.
Horrez gain, «Hezkuntza Sailak bete gabe geratu diren ibilbideen lizitazio prozesu berri bat abiatuko du laster, 2024-2025 ikasturterako ahalik eta egonkortasunik handiena emateko milaka ikaslerentzako funtsezkoa den zerbitzu bati», borobildu dute.