Albistea entzun

Eusko Alkartasuna

Blancok uste du autogobernu arloko Urkulluren proposamena «porrotera» kondenatua dagoela

EAk Urruñan ospatu du Alkartasun Eguna, eta EH Bilduren eta EH Bairen aldeko apustua berretsi du.

Eba Blanco, Alkartasun Egunean egindako hitzartzean.
Eba Blanco, Alkartasun Egunean egindako hitzartzean. Eusko Alkartasuna Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2023ko irailak 18

Eusko Alkartasunak Urruñan (Lapurdi) ospatu zuen atzo Alkartasun Eguna, Mugarik gabeko alkartasuna leloarekin. Eba Blanco idazkari nagusiak EH Bilduren aldeko apustua babestu zuen, eta adierazi egungo testuinguru politikoa baliatu behar dela «lurralde ereduari buruzko eztabaidan sakontzeko». Halere, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk autogobernuari lotuta egindako proposamena deitoratu zuen: «Uste dugu Urkulluren proposamena porrot egitera kondenatuta dagoela, eta berak hori badakiela».

Blancok ildo kritikoarekin duen barne gatazkari erreferentzia eginda ekin zion bere mintzaldiari: «Proiektu politiko honi norabide guztietatik saiatu dira erasotzen, hura zokoratzen; baina ez dute lortu». Horiek hala, alderdiak EH Bilduren eta EH Bairen alde egindako apustua babestu zuen, «irekitzen» ari den ziklo politiko berrirako tresna egokiak direlakoan. EH Baik azken urteetan izandako gorakada eta EH Bilduk Nafarroako Parlamentuan duen posizioa jo zituen horren islatzat, eta gehitu zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere «EAJren hegemonia» kolokan jartzen ari dela koalizio subiranista: «Hauteskunde emaitza hauek ezin dira gau bateko amets goxoa izan. Zailena dugu aurretik, lortutako botoak kontsolidatzea eta jende gehiago gure proiektura erakartzea».

EAJ bera izan zen Blancoren mintzaldiko protagonistetako bat. «Batzuk naziotasunean indarrak biltzen ari garen bitartean, zertan jolasten ari da EAJ? Espainia konbentzioekin seduzitzera», kritikatu zuen, Urkulluren «konbentzio konstituzionalerako» proposamenari erreferentzia eginda. Izan ere, jeltzaleei leporatu zien Eusko Jaurlaritzak mahai gainean dituen arazoak estaltzea dela «Madrilera begira» egindako proposamenaren helburua. Besteak beste, Osakidetzaren, Hezkuntzaren, Ertzaintzaren eta EITBko langileen egoera aipatu zituen. «Hau guztia politika egiteko eta gobernatzeko agortuta dagoen eredu baten isla da».

Are gehiago, Blancok EAJri leporatu zion «eraikuntza nazionalaren inguruko proposamenak» hauteskunde testuingurura eta Alderdi Egunera mugatzea, eta gogoratu zuen jeltzaleek «uko» egin ziotela 2018an estatus berri baterako «oinarri eta printzipioen» gaineko akordioari jarraipena emateari, nahiz eta Eusko Legebiltzarreko gehiengoaren babesa izan. «Hortik aurrera, EAJk akordio hori urardotu du, eta azkenean kaxoi batean sartu», kritikatu zuen.

Hezkuntza eta hizkuntza

Eusko Legebiltzarrak esku artean dituen erronka nagusietako bat da Hezkuntza Legea aurrera ateratzea, eta, Blancoren esanetan, «herri akordio» batekin onartu behar da; «ahalik eta adostasun handiena» lortuta. Era berean, ordea, kritikatu egin zuen PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak adierazi izana sozialisten baiezkorik gabe ezin dela legea aurrera atera: «Larria da, Andueza jaunak bere buruari ematen diolako inork eman ez dion beto eskubidea».

Euskararen egoerari dagokionez, hizkuntz eskubideen kontrako erabaki judizialak salatu zituen Blancok, eta bat egin Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako deitu duen manifestazioarekin. Besteak beste, Nafarroako zonifikazioa amaitzeko beharra azaldu zuen, argudiatuta «ulergaitza» litzatekeela Espainiako Kongresuan edo Europako Batasunean euskara erabili ahal izatea eta Nafarroako zenbait erakundek trabak jartzea.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Euskal Hirigune Elkargoko batzarra, maiatzean. ©PATXI BELTZAIZ

Lehen bilana elkargoarentzat

Ekhi Erremundegi Beloki

Urte politiko berria abiatzearekin, funtzionamenduan, barne demokrazian eta lurraldekako inbertsioetan eragin nahiko lukete talde politikoek, hautetsiak eta herritarrak Euskal Hirigune Elkargotik hurbilago sentitu daitezen.

Iñigo Urkullu, atzo, Bilbon, Nueva Economia foroan. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Irudi katastrofista» hauspotzen dutenak kritikatu ditu Urkulluk

Gotzon Hermosilla

«Laino beltzez betetako Euskadi baten ideia» sustatzen dutenek «onura politikoa» lortu nahi dutela salatu du lehendakariak hitzaldi batean
Atzoko osoko bilkura Eusko Legebiltzarrean. Goian, memoria elkarteetako gonbidatuak. ©E. PORTILLO / FOKU

Frankismoaren biktimei erreparazioa emateko legea onartu du Eusko Legebiltzarrak

Xabier Martin

PP, Vox eta Ciudadanos ez beste guztiek onartu dute Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea, Gasteizko ganberan. 1936tik 1978ra arteko biktimei eragingo die
Maiorga Ramirez, apirilean egindako agerraldi batean. ©Gorka Rubio / Foku

Epaitegiak hamabost egun eman dizkio EAri kanporatutako kideak berriz onartzeko

Iosu Alberdi

EAko Nazio Batzorde Eragileak iaz onartu zuen Maiorga Ramirezi eta beste lau alderdikideri afiliazioa lau urterako etetea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.