Albistea entzun

Kanada

Kanadak India lotu du buruzagi independentista sikh baten hilketarekin

Trudeauk esan du «ebidentzia sinesgarriak» daudela New Delhiren parte hartzearen inguruan. Modiren gobernuak erantzun du «zentzugabea» dela hori.

Justin Trudeau Kanadako lehen ministroa eta Narendra Modi Indakoa, hilaren 10ean egindako bilera baten aurretik
Justin Trudeau Kanadako lehen ministroa eta Narendra Modi Indakoa, hilaren 10ean egindako bilera baten aurretik EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Zala -

2023ko irailak 19

India jada ez zegoen pozik Kanadarekin, ez zuelako sikh mugimenduaren kontrako neurririk hartzen, eta orain Justin Trudeau lehen ministroaren adierazpen batek are gehiago gaiztotu du bi herrialdeen arteko harremana. Kanadako Komunen Ganberan, Trudeauk New Delhi lotu du Hardeep Singh Nijjar buruzagi independentista sikharen heriotzarekin, argudiatuta «ebidentzia sinesgarriak» daudela hori adierazteko. «Onartezina da, eta gure subiranotasunaren urraketa bat da atzerriko edozein gobernuk parte hartzea kanadar baten hilketan Kanadan», gobernuburuaren arabera.

Nijjar joan den ekainaren 18an hil zuten, Surrey hiriko tenplu sikh baten kanpoan, tiro egin ziotenean. Hamarkadak ziren sikh komunitatearen independentziaren alde kanpaina egiten ari zela —Indiako Punjab estatutik atera eta Khalistan estatua sortu nahi dute—, eta India haren atzetik zebilen; kasurako, iragan 2020ko uztailean «terrorista» izendatu zuten. Ekintzaile independentista zena 1997an iritsi zen Kanadara, 20 urte zituela, eta New Delhiren arabera, Khalistango Bhindranwale Tigrea Indarraren eta Sikhak Justiziaren Alderen Kanadako adarraren buruzagia zen.

Kanada da, hain justu, sikh gehien dituen herrialdea Punjabetik kanpo; horren erakusle, 2021eko erroldan, 770.000 lagunek esan zuten sikhismoa dela haien erlijioa. Indiako Gobernuaren ustez, diasporakoek mugimendu independentista berpiztu nahi dute —batez ere 1980ko hamarkadan izan zuten gatazka armatua Punjaben—, eta hori eragozteko eskatu dio hainbatetan Kanadakoari. Trudeauk esana du adierazpen askatasuna errespetatzen dutela, eta protesta egitekoa ere bai.

«Kanada zuzenbide estatua duen herrialde bat da. Gure herritarren babesa oinarrizkoa da, gure subiranotasunaren defentsan», argudiatu du Kanadako lehen ministroak Komunen Ganberan egindako agerraldian. Eta, gerora, Melanie Joly Atzerri ministroak jakinarazi du Indiako «diplomazialari funtsezko bat» kanporatu dutela: «Espero dugu Indiak erabat kolaboratuko duela gurekin, eta afera honen muineraino iritsiko garela».

G20koen bileran azalpen eske

Trudeauk publikoki lehen aldiz eman du informazio hori, baina hilaren 9an eta 10ean Indian egindako G20koen goi bileran azalpenak eskatu zizkion herrialde horretako lehen ministro Narendra Modiri, bien arteko bilkura labur batean. Aurrez, hilaren 1ean, Ottawak jakinarazi zuen New Delhirekin merkataritza libreko akordio bat adosteko negoziazioak gelditu zituela, baina ez zuen hori egitearen arrazoirik eman.

Indiak berehala erantzun du, eta, Atzerri Ministerioak kaleraturiko ohar baten bidez, esan du «zentzugabeak» direla Kanadako lehen ministroak eta Atzerrikoak egindako adierazpenak: «Zuzenbide estatuarekiko engaiamendua dugu». Eta, erantzun gisa, Kanadako diplomazialari bati bost eguneko epea eman diote herrialdetik ateratzeko, argudiatuta «Kanadako diplomazialariak barne aferetan geroz eta gehiago esku hartzen» ari direlako «kezka handitzen» ari dela.

Trudeau gutxiengoan ari da gobernatzen, baina NDP Alderdi Demokratiko Berriaren kanpo babesa du bozketa garrantzitsuetarako. Hain justu, NDPren buruzagia, Jagmeet Singh, sikha da, eta kezkatuta agertu da Komunen Ganberan: «Ez nuen inoiz imajinatuko Kanadako lehen ministroak berretsi egingo zuela Kanadan kanadar herritar bat hil izanaren eta hori atzerriko gobernu batek egin izanaren arteko harremana».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Emakume bat, Ukrainako soldadu bat irudikatzen duen mural baten aurretik pasatzen, Kieven, lehengo astean. ©EFE

Ukrainak segitzen du frontearen hegoaldean presioa handitu nahian

Igor Susaeta

Kievek jakinarazi du bederatzi pertsona hil zituela duela bi egun Krimean egindako bonbardaketan; aldarrikatu du, gainera, Zaporizhian «aurrerapauso handiak» ematen ari dela kontraerasoan
Pertsona batzuk Europako Batasunaren bandera baten aurretik pasatzen, Berlinen. ©OMER MESSINGER / EFE
Ukrainako armadako soldadu bat, tanke bat ondoan duela, aurreko uztailean Donetsk eskualdean (Ukraina). ©OLEG PETRASIUK / EFE

Fronteko lerroa ia ez da mugitu

Igor Susaeta

Hiru hilabete igaro dira Ukrainak kontraerasoa hasi zuenetik, baina ezin izan du eman aurreikusitako aurrerapausorik. Horrek eragina izan dezake Mendebaldearen jarreran.
Brasilgo indigena bat, atzo, herrialdeko Auzitegi Gorenaren aurrean, negarrez, indigenen lur jabetza eskubideari buruzko epaiaren berri izan ostean. ©Andre Borges, EFE

Indigenen jabetza eskubidea mugatzearen kontra ebatzi du Brasilgo Gorenak

Gorka Berasategi Otamendi

Nekazaritza eta abeltzaintza industrialaren lobbyak eta ultraeskuinak aurkeztutako argudioen kontra egin du epaileen gehiengoak. Horiek eskatzen zuten indigenen lurren aitortza mugatzea 1988an okupatuta zituztenetara.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.