Albistea entzun

Euskara

«Memeloarena» egin du Senperrek, Kongresuan euskaraz hitz eginda

PPko bozeramaileak atzo bertan esan zuen haren alderdiak ez dituela hizkuntza koofizialak erabiliko ganberan. Gaurko saioan, ordea, euskaraz ere egin du. Gainontzeko ordezkari politikoei barre eragin die horrek.

Cuca Gamarra, Alberto Nuñez Feijoo eta Borja Senper Espainiako Kongresuan, gaur.
Cuca Gamarra, Alberto Nuñez Feijoo eta Borja Senper Espainiako Kongresuan, gaur. Juan Carlos Hidalgo / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Paulo Ostolaza -

2023ko irailak 19

«Espainiako Kongresuan ez dugu memeloarena egingo, ez horixe; ez ditugu gauza arraroak egingo». PPko diputatuek ganberan zer hizkuntza erabiliko duten galdetuta, hori erantzun zuen atzo Borja Senper alderdiko bozeramaileak. Gaur, ordea, hizkuntza koofizialak Kongresuan erabiltzeko erreforma tramitatzea onartu duten saioan, euskaraz ere aritu da Irungoa. Hitzez hitz, hau esan du: «Zorte handia dugu, hau da egia. Espainia hizkuntza komun bat partekatzen dugun komunitate politiko bat delako, nazio bat, gaztelania hain zuzen ere. Eta, era berean, beste ama hizkuntza batzuk bizirik mantentzen dituelako». Berehala itzuli du gaztelerara Senperrek berak.

Jarraian, geldialdi bat egin behar izan du hitzaldian. Izan ere, barrezka hasi dira hemizikloan zeudenetako asko; txalo sarkastiko batzuk ere entzun dira. Baten batek oihu egin dio. «Memeloarena egiten ari zara!», esan diote, atzo egin zituen adierazpenak gogora ekartzeko. Francina Armengol Kongresuko presidenteak kargu hartu behar izan die gainontzeko ordezkari politikoei.

Senperrek kostata berrekin dio diskurtsoari: «Nik ulertzen ditut ganbera honen gauzak, ganbera honen dinamikak, baina hamarkada gehiegitan bakoitzak nahi zuen bezala adierazteko askatasunik izan ez duen herrialde batean bizi izan gara; diktadura bat pairatu genuen. Eta urte gehiegitan, Euskal Herrian, talde terrorista batek ezberdin pentsatzen zuena hiltzen zuen».

Voxekoek, ganberatik alde

Gaurko saioa hasi eta gutxira, Voxeko ordezkariek ganberatik alde egin dute, PSOEko Jose Ramon Besteiro galizieraz mintzatzen hasi denean, hain zuzen, eta itzulpena entzuteko aurikularrak Pedro Sanchezen aulkian utzi dituzte. Senper hizketan hasi denerako, haietako zenbait itzuliak ziren bilkurara, baina irten egin dira berriro PPkoa euskaraz entzun dutenean. Santiago Abascal alderdiko buruak hitz egin du Senperren aferaz: «Bere buruari memelo deitu dio».

EAJko Aitor Estebanek bide beretik jo du: «Azkenean Senperrek berak egin du memeloarena, ezta?». Jeltzalea harrituta azaldu da: «Euskara erabili du ganberan, esateko ganberan ez dela euskaraz hitz egin behar». Dena den, gaurkoa aurrerapauso garrantzitsutzat jo du.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Arkaitz Rodriguez, atzo, Arrasateko Uarkape frontoian eginiko hitzaldian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Sortuk abagunea baliatu nahi du Madrilen nazio auzia jorratzeko

Iosu Alberdi

Alderdi independentistak VI. Nazio Konferentzia egin du, eta militanteek aurrera begirako plan politikoa onartu dute. EH Bilduren eta EH Bairen aldeko apustua berretsi dute

Josu Urrutikoetxea, 'No me llame Ternera' dokumentalaren une batean. ©

Auzi bat, ikuspegi desberdinak

Enekoitz Esnaola

Josu Urrutikoetxeak gehienbat ETAren hilketei buruzko galderak erantzun behar izan ditu 'No me llame Ternera' dokumentalean; maiz aipatu du «sentitzen» duela. Gainetik jorratu dute «gatazka».

 ©BERRIA

Torturak blaitutako irail hura

Gotzon Hermosilla

Egunotan 30 urte beteko dira Gurutze Iantzi eta Xabier Kalparsoro Espainiako polizia indarren eskuetan zeudela hil zirenetik. Haien kasuek argitu gabe jarraitzen dute.

 ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Sanchezek lortuko du inbestidura aurrera ateratzea»

Gurutze Izagirre Intxauspe

Erronka nagusiak gizarte gaietan daudela uste du Anduezak, eta horretarako politikak garatzea da Alderdi Sozialistaren lehentasuna. Nazio auzia ez dago gizartearen kezken artean, haren aburuz.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.