Gipuzkoako eraikinetako garbitzaileek greba egingo dute urrian

Urriaren 17tik 30era deitu du grebara ELAk. 5.000 langilek egiten dute lan sektore horretan.

Gipuzkoako eraikinetako garbitzaileek maiatzean Donostian egindako protestaren irudi bat. JON URBE / FOKU
inaut matauko rada
2023ko irailaren 20a
17:38
Entzun 00:00:0000:00:00

Gipuzkoako eraikin eta lokaletako garbitzaileek bost urte daramate hitzarmena berritu gabe. Sindikatuen eta patronalaren arteko negoziazio mahaian egoera «blokeatuta» dagoela adierazi du ELA sindikatuak, eta, horri aurre egiteko, bi asteko grebara deitu du sektorean: urriaren 17tik 30era egingo da.

5.000 langilek egiten dute lan sektore horretan, eta horietako %90 emakumeak dira. ELAren arabera, langileen %80k lanaldi partziala dute, eta askok hilean 1.000 euro baino gutxiago irabazten dute. Hala, sektore feminizatu horretan lan baldintzak guztiz prekarioak direla salatu du sindikatuak, eta hori amaitu nahi duela adierazi du. Izan ere, urteetan hitzarmena berritu ez dutenez, erosteko ahalmena «etengabe» galdu dute langileek.

Patronalaren jarrera «atzerakorra» dela nabarmendu du sindikatuak, eta langileen eskakizunei «entzungor» egitea leporatu dio. Hala, urriko bi asteko greba horren ostean aldaketarik ez badago greba mugagabera joko dutela iragarri du ELAk.

Itunik gabeko sektorea

Sindikatuak adierazi duen moduan, bost urte daramate Gipuzkoako eraikinetako garbitzaileek itun berria sinatu gabe. Maiatzean bete zituen bost urte azken itunaren iraungitzeak, eta orduan astebeteko greba egin zuten, egoera salatzeko eta negoziazioan aurrerapausoak ematea eskatzeko.

Orduan, baina, ez zuten lortu patronalak jarrera aldatzerik, eta berdin jardun dute gaur arte.

Patronalaz gain, garbiketa enpresa horien zerbitzuak kontratatzen dituzten enpresa eta erakundeengan ere jarri du arreta ELAk, egoeraren erantzukizuna «euren gain» hartu behar dutela esanez. Batez ere, erakunde publikoei eta alderdi politikoei egin die erreferentzia sindikatuak: «EAEn lanbide arteko gutxieneko soldata eskatzen duten arduradun politiko horiek dira gero euren udaletan garbikuntzako langileak prekaritatera kondenatzen ari direnak, hileko 1.180 euroko soldata gordinekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.