Zinema

Hollywoodeko gidoilariak aurreakordio batera iritsi dira

Akordioa onartzen duten ala ez erabakitzeko bozketa eginen dute bihar, eta 11.500 gidoilarik bozkatuko dute. Bitartean, WGA sindikatuak adierazi du inor ezin dela lanera itzuli. Aktoreak greban daude oraindik ere.

Bost hilabete iraun ditu gidoilarien grebak. ETIENNE LAURENT / EFE
Isabel Jaurena.
2023ko irailaren 25a
07:37
Entzun

Hollywoodeko gidoilarien sindikatuak eta estudioak behin-behineko akordio batera iritsi dira bart. Hala, amaiera emanen diote AEB Ameriketako Estatu Batuetako zinema eta telebista gelditu dituen ia bost hilabeteko grebari. Bost egun iraun dituzte negoziazioek, eta hitzarmen kolektibo berri baten oinarriak zehaztu dituzte bertan. «Harrotasun handiz esan dezakegu akordio hau ezohikoa dela, irabazi garrantzitsuak eta babesak dituela idazle guztientzat», adierazi du WGA Writers Guild of America sindikatuak ohar bidez. Aktoreak greban daude oraindik ere.

Joan den asteazkenean hasi zituzten negoziazioak, bi aldeek arazoari konponbidea eman nahi ziotelako. Lau estudiotako buru nagusiak egon ziren bilkuretan: Bob Iger, Disney taldekoa; David Zaslav, Warner Bros taldekoa; Ted Sarandos, Netflixetik; eta Donna Langley, NBCUniversal taldekoa. Korporazioek adierazi zuten eskuartean zuten eskaintza «hoberena eta azkena» zela. Gavin Newsom Kaliforniako gobernadorea ere negoziazio mahaian egon zen, inor altxatzen ez zela ziurtatzeko.

Lortu duten akordioa ez denez behin betikoa, WGA sindikatuak adierazi du oraindik ezin direla lanera itzuli. Bihar eginen den bozketan akordioa onartuko balitz, ordea, greba bertan behera geldituko litzateke —11.500 lagunek parte hartuko dute—. Dena den, Los Angeles eta New York hirietako estudioen aurrean egiten dituzten protestak bertan behera gelditu dira dagoeneko.

Aurrerapausoak

Akordio berriari esker, gidoilariek urte luzez egindako eskaerak lortuko dituzte. Adibidez, gidoilariek behin eta berriz adierazi dute estudioek mini rooms izenekoak gehiegi erabiltzen zituztela. Idazle talde txikiak dira, eta denbora gutxiagoan eduki gehiago sortzeko erabiltzen dira. Funtsean, lana «prekario» egiten zutela diote. Akordio berriak, baina, zehazten du zein den telesail bat idazteko gutxieneko pertsona kopurua.

Gidoilarien bertze eskaeretako bat zen irabaziek online plataformetako emisioekin bat egitea. Izan ere, idazleek, produktoreek eta aktoreek telesail arrakastatsu bat egiteagatik apenas jasotzen zuten dirurik. Hala, estudioek onartu dute ordainketak handiagoak izateko formula aldatzea, audientziaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.