Porrotera kondenatuta dago bihar Espainiako Kongresuan hastekoa den Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentegaiaren inbestidura prozedura. Zeren, sekulako ezustekorik ezean, ez dute Espainiako Gobernuko presidente izendatuko; ez gehiengo osoarekin etziko bozketan, ezta soilarekin ere ostiralean, ez baitu horretarako behar besteko babesik. Espainiako Gorteetarako hauteskundeak irabazi zituen joan den uztailaren 23an, eta hilabete bat geroago, behin bi ganberetan ordezkaritza lortu duten alderdiekin mintzatu ondoren, gobernua osatzen ahalegintzeko eskatu zion estatuburuak, Felipe VI.a erregeak. Baina PPren liderra ez da horretarako gauza izan, nahiz eta saiatu den EAJ erakartzen eta PSOEko diputatuak alderdiaren diziplina haustera deitzen.
Horrenbestez, bihar hasi eta ostiralean bukatzekoa den prozedurak balioko du, era berean, egiaztatzeko PSOEk badituela berriro gobernatzeko aukerak. Pedro Sanchez beren idazkari nagusi eta Espainiako jarduneko presidentea ziur dago horretarako Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako alderdi subiranisten babesa edukiko duela. Eta paraleloki, Feijook baliatu ditzake prozedurako egunak bere alderdikideen aurrean agertzeko oposizioko lider indartsu baten gisara; edo, bestela, hautagai moduan berriro, Sanchez ere inbestitzen ez badute hauteskundeak errepikatuko lituzketelako.
Ia-ia gutxienekoa da biharko saioan —12:00etan hastekoa da— aurkeztekoa den programa. Sei estatu itun plazaratzeko da. Sanchezek esana dio ezetz; abuztu bukaeran ere ezetz esan zion: planteatu zion bi urtez gobernatzea eta 2025ean, atzera, bozetara deitzea. Ate guztiak itxi dizkiote Feijoori. Espainiako Estatuan, izan hirietan, izan aldundietan, izan erkidegoetan, Voxen besoetara jo duenez, gainontzeko alderdiek kasik entzun ere ez diote egiten PPren liderrari hitz egiten dienean. Etziko bozketan gehiengo osoa beharko luke; hau da, 176 boto. 172 ditu: PPren 137, Voxen 33, eta UPNren zein CC Koalizio Kanariarraren bana. Gehiengo soila lortzea ere ia ezinezkoa du, gaur-gaurkoz diputatu gehiago dituelako kontra alde baino.
Orduan, esan daiteke PP oposizioa egiten hasi dela. Atzo, esaterako, mobilizaziora deitu zuen, Madrilen, leporatuta Sanchezi inbestidura posible baten aurrean Kataluniako prozesu subiranistaren ondorioz errepresaliatuei amnistia ematea ahalbidetuko duela, ERC Esquerra Republicanaren eta JxC Junts Per Catalunyaren babesa lortzearren. PPren esanetan, 60.000 pertsona bildu zituen elkarretaratzeak —Espainiako Gobernuak Madrilen daukan ordezkaritzaren arabera, 40.000 izan ziren—. PPren idazkari nagusi Cuca Gamarrarentzat, «arrakastatsua» izan zen ekitaldia. «Erakusten du Espainia esna dagoela, amnistiaren kontra altxatzen dela», adierazi du Onda Cero irratian egin dioten elkarrizketa batean. Horren harira, Voxen idazkari nagusi Ignacio Garrigak iradoki du, agerraldi publiko batean, Espainiako erregeak balizko amnistia baten alde agertu beharko lukeela, argudiatuta 2017an Kataluniako erreferenduma egin zenean «Espainiaren batasunaren bermatzailea» izan zela.
Adostasuna eta elkarrizketa
Kontrara, Feijoo inbestitzeko prozedura antzutzat jota, PSOEk segitzen du iradokitzen amnistia onartuko duela. Pilar Alegria Hezkuntzako jarduneko ministroari horri buruz galdetu diote TVEko saio batean, gaur, eta erantzun du PSOEk «borondatea» duela «adostasunetan eta elkarrizketetan oinarritutako politikarekin» jarraitzeko. «Horretarako, elkarbizitzaren aldeko erabakiak hartu behar dira». Gogoratu du, bide batez, PSOEk «ahalik eta azkarren» bildu nahi duela Sanchezen balizko inbestidura baterako babesa.
Espainiako jarduneko presidenteak nabarmendu zuen, lehengo astean, «koherentea» izango dela Katalunian egiten ari den «normalkuntzarako politikarekin». Adierazpen horiek egin zituen, Oriol Junqueras ERCko liderrak bezperan esan zuelako amnistia jada jasota zegoela Kongresuko presidentetza PSOEri emateko sozialistekin abuztuan egin zuten akordioan. Inork ez du Junquerasek plazaratutakoa gezurtatu. Balizko autodeterminazio erreferendum baterantz pausoak ematea ere bada ERCk Sanchezi jarri dion baldintzetako bat, hari babesa ematearen truke. Kataluniako beste indar subiranista nagusiak ere, JxCk, antzeko baldintzak jarri ditu: Kataluniako independentismoaren «zilegitasun demokratikoa aitortzea», independentisten kontrako «bide judiziala amaitzea», amnistia lege bat onartzea eta hitzarturikoa betetzen dela gainbegiratzeko eta bitartekaritza lanerako mekanismo bat finkatzea.
Eta behin Feijooren saiakerak huts egiten baldin badu gerta daitekeenaz hitz egiten hasi dira EH Bildu eta EAJ. Mertxe Aizpurua koalizio independentistak Kongresuan duen bozeramailearen hitzetan, horrek aukera emango luke lurralde auziari buruzko eztabaida hasteko. «Eta bukatu beharko litzateke euskaldunon, katalanen eta galiziarren eskubideak aitortuz», adierazi zien, atzo, kazetariei, ekitaldi batean. EH Bilduk ez dio marra gorririk jarri Sanchezi. Jeltzaleak «ekarpenak» egiteko prest daude Espainiaren gobernagarritasuna bermatzearren, baina Andoni Ortuzar EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak esan zuen, atzo, Alderdi Egunean, horretarako lurralde auziaren eztabaida abiatu behar dela.
URRATSAK
Bihar: debatea. Alberto Nuñez Feijook bere proposamena aurkeztuko du (12:00). Ondoren, alderdi guztietako ordezkariak mintzatuko dira: ordezkaritza handiena lortu duenetik, txikienera. Denei ez die hitz egiteko denborarik emango. PPko presidentegaiak denei erantzun ahalko die.
Etzi: debatea eta bozketa. Bezperan hitz egin ahal izan ez dutenek hitz egingo dute, eta, ondoren, bozketa egingo dute. Feijook gehiengo osoa behar du: 176 aldeko boto.
Ostiralean: bozketa. Lehen bozketan gehiengo osoa lortzen ez badu, beste saio bat egingo dute 48 ordu geroago; hau da, ostiralean. Feijook eta beste talde parlamentarioetako ordezkariek hamar eta bost minutuz hitz egin ahal izango dute, hurrenez hurren. Ondoren, bozketa egingo dute. Kasu horretan, Feijook nahikoa luke gehiengo soilarekin; hau da, aldeko botoak kontrakoak baino gehiago izatea.
Ondoren: bi hilabeteko epea. Gehiengo soila lortzen ez badu, Espainiako erregeak berriro deituko ditu alderdiak, eta presidentegai bati emango dio gobernua osatzen ahalegintzeko ardura. Lehen bozketatik —irailaren 27a— bi hilabete igarota presidente izendaturik ez badago, erregeak gorteak desegingo ditu eta hauteskundeetara deituko du.