Artozkin galdutako obrei buruzko azalpenak eskatu dizkiote Nafarroako Gobernuari

Itoizko 'solidarioek' jendaurrean aurkeztu dituzte hogei urtez galdutzat jo ziren 31 artelanetatik hamalau. Iruñeko Geltokin egonen dira ikusgai urriaren 10 arte, eta Agoitzen urriaren 20tik aurrera.

2023ko urriaren 2a
10:42
Entzun

«Artelan horien kontrolean halako zabarkeriaz eta utzikeriaz jokatu izana onartezina da. Hamalau obra berreskuratu ditugu; erdiak, gutxi gorabehera. Baina non daude gainerakoak? Zer gertatu da haiekin? Zein ziren obra horien zaintza katearen arduradunak? Erantzunak exijitzen ditugu, eta falta diren obrak itzultzeko ere bai». Interpelazio hori egin diote Itoizko solidarioek Nafarroako Gobernuari gaur goizean, Artozkin duela hogei urte egindako erakusketako artelan batzuk berreskuratu dituzten honetan. Zehazki, 2003ko irailean Artozkiko elizan ikusgai jarritako 31 obretatik hamalau agertu dira, eta besteen arrastorik ez dago.

Justu gaur duela hogei urte bukatu zituzten hondeamakinek Artozkiko herria botatzeko lanak, Itoizko urtegia urez betetzen hasi ahal izateko. Bi aste iraun zuen herria defenditzeko erresistentziak, eta 2003ko irailaren 30ean sartu ziren poliziak herrira; solidarioak atera, eta etxeak bota zituzten. Artozki babesteko herrian bertan antolatu zituzten ekitaldien artean, arte erakusketa bat ere atondu zuten; artista ugarik eman zituzten beren obrak, bertan suntsitu edo urpean gera zitezen. Baina poliziek eraman egin zituzten, eta hogei urtez «bulego ofizialetan» egon direla azaldu du Lorena Beroiz urtegiak kaltetu egindakoen plataformako kideak. Orain agertu dira artelan horietako batzuk, BERRIAk atzo aurreratu zuenez.

Orain agertu diren hamalau obra horiek Itoizko solidarioen esku utzi dituzte, «anonimoki». Iruñeko Geltokin jarri dituzte ikusgai, erakusketan, eta gaurtik urriaren 10 arte bertan egongo dira, nahi duten guztiek ikus ditzaten, 17:00etatik 21:00etara. Urriaren 20tik aurrera, berriz, Agoizko kultur etxean jarriko dituzte ikusgai. Tartean dira Jose Luis Zumetaren, Juan Gorritiren, Jose Ramon Andaren, Txiki Agirre Keixeta-ren eta Anton Mendizabalen artelan batzuk. Itoizko solidarioek eta urtegiak kalte egindako herritarren batzarrak agerraldia egin dute gaur goizean, Geltokin bertan; artelan horien ibileren berri eman dute , eta zenbait salaketa egin dituzte.

Haiekin batera agertu dira zenbait artista eta sortzaile. Gari Berasaluze idazleak agiri bat prestatu du, Artozkira ez da gutunik heltzen; oroimena eta duintasuna, eta agiri hori ere aurkeztu dute gaurko ekitaldian. 41 artista eta eragileren atxikimendua izan du agiri horrek.

Ekitaldiak Agoitzen

Urria baliatu nahi dute solidarioek, urteurrenaren aitzakian zenbait ekitaldi eginez borroka hura gogoratzeko. Artozkiko artelanak Geltokin ikusgai jartzeaz aparte, urriaren 10ean mahai inguru bat egingo dute, 19:00etan: Itoitz: atzo eta gaur. Gero Agoizko kultur etxera eramango dute erakusketa; urriaren 20an inauguratuko dute, 18:00etan; azaroaren 4 arte egongo dira bertan, eta 18:00etatik 20:00etara ikusi ahalko dira. Erakusketaren abaroan, urriaren 21ean zenbait ekitaldi egingo dituzte Agoitzen bertan, Lurra Defenditzeko Eguna izendatuta. 11:00etatik aurrera ekitaldiak, musika, herri bazkaria eta abar izango dira.

Jaso dituzten obrekin, eta falta direnak agertuko balira horiekin guztiekin, museo bat sortzeko asmoa agertu dute solidarioek. Artearen, Memoriaren eta Lurraren Defentsaren Museoa deitu diote, eta «Itoizko urtegiak suntsitutako ibar eta herrien memoria gordetzeko» funtzioa edukiko luke.

Argazki galeria:Artozkin galdutako obretatik hamalau

Ekintza sorta horrekin, gogora ekarri nahi dute «bizilagunek nolako duintasuna izan zuten beren herriak defendatzen, eta nola ekintzaileen erresistentzia tinkoa izan zen, beren bizitzak arriskuan jartzeaz gainera dozenaka atxilotu baitzituzten, eta tratu txarrak jasan baitzituzten». Nabarmendu dute «egungo krisi ekosozialaren erdian» ezinbestekoak direla urtegiak azpian hartutakoen gisako bailarak. «Urteurren honek balio beza oroimenerako, baina baita etorkizunerako dei gisa ere, lurra defenditzen jarraitzeko». Alde horretatik, Nafarroako ubidearen bigarren fasea eta Esako urtegia handitzeko lanak bertan behera uzteko eskatu dute.

Memoria ariketa bat ere egin dute agerraldian. Hogei urte bete baitira, justu, urtegiaren aurkako erresistentzia borroka hura bukatu zenetik: gogora ekarri dute «ehunka lagunek» parte hartu zutela borroka hartan, eta poliziek «bortizkeria» handia erabili zutela herriak husteko. Artozki defenditzeko ekina berezia izan zen, besteak beste sortzaileen laguntza izan zutelako. Arte erakusketaz aparte, kontzertuak, mural pintaketak eta kultur ekintzak ere antolatu zituzten. «2003ko irailaren 30eko goizaldean, tragikoki suntsitua izan zen hori guztia», adierazi du Beroizek.

Foruzainak, guardia zibilak eta hondeamakinak sartu ziren herrira egun hartan, eta bi egun behar izan zituzten etxeetan eta teilatuetan gotortu ziren solidarioak handik ateratzeko. Haiek atera ahala, etxeak birrindu zituzten. 2003ko urriaren 2ko goizean bukatu zuten etxeak botatzen. «Horren aurretik, poliziek artelanak atera zituzten elizatik, eta haietako batzuk, behintzat, eraikuntza ofizial batean egon dira urteetan», gaur Beroizek azaldu dutenez.

Artezki. Izen hori eman zioten Artozkiko arte erakusketari. Solidarioek uste dute Artezki-ko artelan horiek «Iratiko eta Urrobiko herritarrek eta Itoizko urtegiaren azpiegituraren kontrako oposizioak jasandako inposizioaren, gutxiespenaren, umiliazioaren eta lapurretaren metafora bat» direla, ikusita nola tratatuak izan diren obrak. Bestalde, gogorarazi dute ez zizkietela itzuli Artozki eta Itoitz herriak hustu zituztenean poliziek ekintzaileei «ostutako» hainbat material eta ondasun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.