Hilberria

Xabier Mendiguren Bereziartu itzultzailea eta idazlea hil da, 78 urte zituela

Ikastolen mugimenduan ibili zen. Euskalgintzaren Kontseiluko lehen idazkari nagusia izan zen, eta euskaltzain urgazlea.

Xabier Mendiguren Bereziartu, iazko azaroan. IZARO ANDRES / FOKU
Arantxa Iraola - Ekhi Erremundegi Beloki
2023ko urriaren 2a
21:57
Entzun

Xabier Mendiguren Bereziartu idazlea, itzultzailea eta Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi ohia hil da. Haren beila bihar izango da, 16:00etatik 20:00etara, Errekaldeko beilatokian.

Ezkion (Gipuzkoa) jaio zen, 1945. urtean, eta euskararen inguruan eman zuen bizitza. Ikastolen mugimenduan ibili zen. Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi izan zen haren sorreratik 2010era arte, eta euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak. «Niretzat, denetarako tresna da euskara: lanerako, gozamenerako, sufrimendurako tarteka… Bizitzarako tresna izan dut euskara», adierazi zion BERRIAri iazko azaroan.

Filosofia eta Letretako lizentzia eskuratu zen Deustuko Unibertsitatean, eta arlo horretan jardun zuen. Lan handia egin zuen euskarazko testuliburuak sortzen, eta Iker taldearen sortzaile izan zen 1974an. Saioka euskarazko ikasliburuak ondu zituen beste askorekin batera, hala nola Bizkaiko eta Gipuzkoako Ikastolen Elkartearekin.

Halaber, Martuteneko Itzultzaile Eskolaren sorkuntzan parte hartu zuen, eta hango irakasle eta zuzendari lanetan aritu zen 1990era arte. Eskola horretatik atera ziren 1987an EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea eta Senez aldizkaria

Hizkuntzazalea zen, 11-12 hizkuntza ere ikasi zituen. «Asko gustatzen zait hizkuntza desberdinak ezagutzea. Asko estimatu izan dut desberdintasun horrek ematen duen aberastasuna», zioen. 1966 inguruan, euskara batuaren aldeko lanean aritu zen: «Euskara batua oso beharrezko ikusi izan dut beti. Euskara batuak asko lagundu dio euskararen etorkizunari; batu egin gaitu, elkar ulertzen lagundu digu… Herrialde desberdinetakoak hurbildu egin gaitu, eta hori beharrezkoa da, bakoitza geure zokoan bizi ginelako bestela».

Gaur egun Euskalgintzaren Kontseilua denaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen. Egunkaria sortzeko prozesuan ari zirela proposatu zuen bilera zabalago batzuk egitea. Haien ondoren antolatu zituzten Euskararen Unibertsoa jardunaldiak Elgoibarren, 1997an. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren hasiera izan zen hura.

Iazko azaroan BERRIAri emandako elkarrizketan, euskararen egoerarekin «baikor» zegoela adierazi zuen, baina ñabardura jarrita. «Ez batzuek adierazten duten erabateko segurtasun horrekin. Ekin eta ekin jarraitu beharra daukagu etengabe», adierazi zuen. «Aurrerapausoak eman ditugu, zorionez; nabarmena da hori, baina ez nahiko genukeen abiaduran eta tamainan. Maila guztietan, baita politikarien eta erakundeen artean ere, gauza gehiago egin beharko genituzkeela uste dut. Beste toki batzuetan daukaten irmotasuna falta zaigu guri».

Paul Bilbaok Kontseiluaren idazkari nagusi kargua hartu zuen 2010ean, Mendigurenen lekua hartuta. Hiru ikasbide jaso zituen Bilbaok aurrekoaren partetik, eta nabarmendu egiten ditu, haren ahalmen handiaren erakusgarri. «Euskararen normalizazioaren bidea zein den, bide horretan denok daukagula zeresana, eta guztiekin adostasuna lortzeko gaitasuna».

Adostasunaren bidean gaitasun nekaezina zuela, hori du gogoan, bereziki. «Enpresekin, sindikatuekin, guztiekin». Egunkaria-ren itxierari aurre egiteko tenorean, 2003an, euskalgintzaren «aurpegia» izan zela gogoratu du, eta «lidergoa» hartzen asmatu zuela. Beti «miretsi» izan du, hala ere, Mendigurenek gaitasuna zuela «lasaitasuna» transmititzeko. Azken orduaren atarian ere ikusi du orain, berriki harekin izandako harremanetan.

Euskalgintza fase berri bat ekarri zuen, Kontseiluaren bidez. «Itsasontziaren lehen kapitaina» izan zen, Bilbaorentzat: «Bazuen gaitasuna horretarako eta gehiagorako». Eta zerumuga argi zuen: «Bazekien zer ordezkatzen zuen».

Kontseiluko idazkari nagusi kargua utzi eta gero, EH 11 Kolore elkartean eledun jardun zuen Mendigurenek: Euskal Herrian euskarak lokarri funtzioa izan behar duela defendatzen jarraitzeko era izan zuen han.

«Indarrak metatu, eta harmonia bat sortu zen Kontseiluarekin», esan zion Gipuzkoako Hitza-ri, iazko azaroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.