Euskara

LABek euskararen aurkako «olatu judiziala» salatu du, Donostian

Gipuzkoako Foru Aldundiaren 68 egonkortzeko prozesuetatik biri helegitea jarri die CCOOk, euskarari lotutako eskaera apaldu dadin, eta gaur hasi da horietako bati dagokion epaiketa.

Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako protesta bat. MONIKA DEL VALLE / FOKU
xabier martin
2023ko urriaren 4a
11:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Epaitegiaren atariak LAB sindikatuaren protesta bat hartu du administrazioaren lanpostuak egonkortzeko prozesu biren euskara eskakizunen aurkako epaiketa hasi den egunean. Sindikatuak Aldundian duen arduradun Edurne Lizasok azaldu duenez, zaintzaileei dagozkien lanpostuak egonkortzeko bi prozesuak bertan behera uzteko helegiteak jarri ditu CCOOk, eta erantsi du, «euskararen aurkako eraso» horiek ikusirik, LABek planto egin duela.

Sindikatu hori, ELA, zenbait langile eta Gipuzkoako Aldundia bera ari dira auzi judizial horretan parte hartzen, helegitea jarri duen sindikatuaz gain, alegia, CCOOz gain. Gaur abiatu den epaiketa hogei zaintzaile lanposturen prozesu bati dagokio. Beste prozesuaren epaiketa abenduan iritsiko da. Lanpostu finkoa lortzeko, euskararen bigarren hizkuntza eskakizuna ezarri du Aldundiak, eta CCOOk nahi du euskarari dagokion eskaera apaltzea.

«Sinetsita gaude estrategia zabal baten parte dela hau. Orain, bi prozesuen aurka egin dute, hau da, sektore feminizatuei eta maila apaleko lanpostuen prozesuei. Zergatik?», galdetu du Lizasok. Esplikatu du Aldundiaren egonkortze prozesu guztietan ezartzen dela euskarari dagokion eskakizuna. «Ez dakigu nora iritsi nahi duten, baina aurrean izango gaituzte, hemen bi hizkuntza ofizial baitaude, eta administrazioak bi hizkuntza horietan eman behar baitu arreta». Arretaz gain, langileek ere euskaraz aritzeko eskubidea dutela erantsi du.

Helegite gehiago iritsiko dira

Aspaldi honetan hizkuntza eskakizunen lan prozesuen aurkako epaiak heltzen ari dira arlo judizialetik; «euskaren aurkako olatu judizailari» erreparatu dio LABeko kideak, aurreikusteko gaur hasitako epaiketak zer-nolako epaia izan dezakeen. Donostiako Udalak zenbait lanpostu egonkortzeko prozesuen aurka ere jo dute, eta, oro har, euskal administrazioaren prozesuetan ohiko bihurtzen ari dira euskara eskakizunen aurkako ekimen judizialak.

«Ikusten dute epaileek arrazoia ematen dietela», esan du Lizasok, eta aurreikusi du euskarari lotutako eskaeren auziak aurrera egingo duela epaitegietan, «CCOOk garbi esan duelako bide beretik joango dela aurrerantzean». LAB kalean egongo da «euskararen arloan egindako urratsetan atzera egin ez dadin»; esaterako, Euskalgintzaren Kontseiluak datorren azaroaren 4rako deitutako manifestazioan. «Euskararen kontrako oldarraldiaren aurka eta euskararen normalizazioaren alde» izango da martxa handi hori, eta harekin bat egin dute alderdi, sindikatu eta erakunde asko; adibidez, Bilboko Udalak berak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.