Gazte Topagune Sozialistaren egitaraua moldatu dute Gazte Koordinakunde Sozialistak eta Ikasle Abertzaleek, Atarrabiako eta Burlatako (Nafarroa) udalek hura egiteko baimena ukatu ostean. Bi eragileek EH Bilduri eta Sorturi egotzi diote topagunea «debekatu» izana, baina azaldu dute udalerri horietan egiteko asmoari eutsiko diotela, nahiz eta egitaraua murritzagoa izan: urriaren 13an eta 14an egingo dute.
Urriaren 11tik 15era bitarte egingo zen ekinaldi baten berri eman zuen GKSk eta Ikasle Abertzaleek uztailean, baina ez dute Atarrabiako eta Burlatako udalen baimenik eskuratu horretarako. Atarrabiako Udalak argudiatu zuen bizilagunekin adostua duela udalerri hartan urtean jaialdi bakarra egitea (Hatortxu Rock), eta gaineratu bi eragileek udalaren baimena eskuratu gabe eman zutela topagunearen berri.
Antolatzaileen arabera, ordea, eurek bazuten udalen «ahozko baimena», baina EH Bilduk eta Sortuk atzera bota nahi izan dute ekitaldia. Are gehiago, argudiatu dute ez zuketela eginiko «lan eta diru inbertsioa» egingo jakin izan balute ez zutela horretarako baimenik. Era berean, nabarmendu dute topagunea ez dela «makrojaialdi» bat, gazteek «kontzientzia politikoa pizteko eta pentsamendu kritikoa sustatzeko elkargune bat» baizik.
Egitarau berriarekin, GKSk eta IAk «herriko egunerokotasuna ez oztopatzeko» konpromisoa adierazi dute, eta nabarmendu «izaera politikoko egitaraua» izango duela. Gaueko ekitaldiei dagokienez, udalari leporatu diote modurik ez eman izana kontzertuak egiteko «baldintza egokiak» izateko, eta jakinarazi dute horiek murriztu eta lekuz aldatu dituztela, «herritarrak kontuan hartuta».
Urriaren 13ko arratsaldean ekingo diote egitarauari, Burlatan. 18:00etan hiru hitzaldi egingo dituzte: gazte eta ikasleek «sozialismoaren eraikuntzarako» dituzten erronkak, «militantzia komunistarako» eredua eta «proletarizazio prozesua eta ziklo aldaketa politikoa» hizpide. Ondoren, manifestazio bat egingo dute, Topagune Sozialistari debekurik ez! lelopean, eta kontzertuak gauean. Hurrengo goiza «estrategia sozialista berriari» buruzko hitzaldi batekin hasiko dute, eta beste manifestazio bat egingo dute gero; oraingoan, Atarrabian. Bazkariaren ostean, kontzertuen txanda izango da, Totem aretoan.