Literatura

Amaia Gabantxok irabazi du, bigarrenez, Etxepare itzulpen saria

Miren Agur Meaberen 'Hezurren erretura' liburua itzuli du ingelesera Gabantxok. Galesko Parthian Books argitaletxeak argitaratu du.

Amaia Gabantxo eta Miren Agur Meabe, gaur goizean, Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Sariaren banaketan, Bilbon. ANDONI CANELLADA / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko urriaren 5a
13:37
Entzun

«Oso pozgarria da Miren Agurren lan bat itzultzeagatik sari hau jasotzea». Hala esan du Amaia Gabantxo itzultzaileak (Bermeo, Bizkaia, 1973) gaur goizean, Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria jaso bezain laster. Miren Agur Meaberen Hezurren erretura liburua itzuli du ingelesera, eta saria eskuratzen duen bigarren aldia da.

Burning Bones liburua Galesteko Parthian Books argitaletxeak argitaratu du, eta Gabantxok eta argitaletxeak 4.000 euroko saria partekatuko dute. Horrez gainera, 2.000 euro arteko laguntza ere jasoko dute onuradunek, argitalpenaren herrialdean egindako lana ezagutzera emateko.

Itzulpenaren «kalitate altua» nabarmendu du epaimahaiak, eta itzultzailearen etengabeko lana azpimarratu du Meabek: «Bere lan errimeari esker egin du aurrera Amaiak, zailtasun askoren artean». Gabantxok itzultzaile gisa dituen lau dohain ere zerrendatu ditu idazleak, «beste dohain askoren artean». Besteak beste, lerroen artean dagoena irakurtzeko gaitasuna, sentsibilitatea, itzulpena hartuko duen herrialdearen testuingurua ezagutzea eta belarria izatea. «Testu bakoitzak badu bere tonua, erritmoa eta musikalitatea, eta hori beste hizkuntza batera isurtzeko gai da», zehaztu du.

Hezurren erretura liburuan, gainera, itzultzailea presente dagoela kontatu du Meabek: «Itzultzaile gisa ez ezik, pertsonaia gisa ere agertzen da Amaia liburuan; bizitzari buruz izan ditugun elkarrizketen laginak agertzen dira atal batzuetan».

Aspaldiko ezagunak

Duela 20 urte ezagutu zuten elkar Meabek eta Gabantxok. Hala ere, Gabantxok, Azalaren kodea liburua irakurtzean igarri zuen lehen konexioa idazlearekin: «Poemak irakurtzen nengoela, idazten zegoena ni nintzela sentitu nuen». Zehazki, baina, Dublingo poesia jaialdi batean ezagutu zuten elkar, eta, ordutik, harremanetan jarraitu dute. «Lehen topaldi hartan poesia irakurri genuen jendaurrean, eta, harrezkero, sarritan ibili gara tandemean irakurketetan zein aurkezpenetan», kontatu du Meabek. «Ordezkari profesional eta afektiboa izan dut», gaineratu du.

Itzultzaile gisa hasi zenetik gaur egunera, bilakaera bat egon dela ohartu da Gabantxo: «20 urte hauetan aurreratu duguna ikustea oso betegarria da: euskal literatura mundu anglosaxoiera ekartzen ari gara». Era berean, Meabek gaineratu du itzulpenak «lotura kulturalak» direla: «Aberastu egiten dute hizkuntzen arteko trukea».

Zehazki, 2015. urtean sortu zuten Etxepare-Laboral Kutxa saria, jatorriz euskaraz idatzitako literatura lanen itzulpenak saritzeko. Ordutik, hainbat lan itzuli dituzte. Besteak beste, Katixa Agirreren Amek ez dute nederlanderara, iaz; Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea japonierara, 2021ean; eta Eider Rodriguezen Bihotz handiegia gaztelaniara, 2020an.

Gabantxok, bere aldetik, euskal literaturako hainbat pieza itzuli ditu ingelesera. Tartean, Harkaitz Canoren Twist eta Belarraren ahoa; Meaberen Kristalezko begi bat; Anjel Lertxundiren Zorion perfektua; Unai Elorriagaren Vredaman eta Bernardo Atxagaren Borrokaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.