Nobel sariak

Narges Mohammadi aktibista irandarrak irabazi du Bakearen Nobel saria

Emakumeek Iranen pairatzen duten zapalkuntzaren kontrako ekintzailea saritu du Norvegiako Nobel Batzordeak. Sariduna kartzelatuta dago.

Narges Mohammadi, 2005eko argazki batean. EFE
Igor Susaeta.
2023ko urriaren 6a
11:18
Entzun

Iranen emakumeek pairatzen duten zapalkuntzaren kontra eta giza eskubideen alde borrokatzen dela aldarrikatuta, Narges Mohammadi (Zanjan, Iran, 1972) aktibista irandarrak irabazi du Bakearen Nobel saria. Hala jakinarazi du gaur Norvegiako Nobel Batzordeak, sariketaren antolatzaileak. Adituek azken asteetan egindako iragarpenetan eta apustu etxeen kinieletan nabarmentzen ziren hautagaietako bat zen, hain zuzen, Mohammadi. Duela 120 urte saria ematen hasi zirenetik, 110 pertsona saritu dituzte; horietatik hemeretzi dira emakumezkoak, ekintzaile irandar hori aintzat hartuta.

Batzordeko kideen esanetan, Mohammadiri «kostu pertsonal izugarri bat» eragin dio bere «jarrera ausartak». Izan ere, azken hogei urteak ia bere osotasunean igaro ditu espetxean. Bost aldiz zigortu dute, eta, guztira, 31 urteren kartzela zigorrak ezarri dizkiote; azkena, hamar urtekoa —151 zigor ukaldi jasotzera ere kondenatu zuten kasu horretan—. Tortura zuria liburua kaleratu zuen, azalduz konfinamenduan zein baldintzatan zeuden presoak, eta Irango agintariek «segurtasun nazionalarekin» lotutako delituak egotzi zizkioten horregatik. Teherango Evin kartzelan dago. Gainera, haren aurkako beste hiru auzibide daude irekita.

Haren senideek eta ingurukoek maiz eskatu dute aske utz dezatela, argudio gisa aipatuz arrazoi humanitarioak. Iaz bihotzekoak eman zion, eta ebakuntza bat egin behar izan zioten. Bi seme biki ditu Mohammadik, eta urteak dira ez dutela ama ikusten. Parisen bizi dira, hara erbesteratu baitzen Nobel saridunaren senarra, Taghi Rahmani ekintzailea —kartzelan hamalau urte pasatutakoa da—.

Azken hiru hamarkadetan, bere aktibismo jardunean, emakumezkoen eskubideen defentsan lan egiten duten zenbait elkarte sortu ditu Mohammadik, eta idatzi izan ditu liburuak eta artikuluak ere, salatuz, batez ere, herrialdeko kartzeletan zer-nolako abusuak jasaten dituzten andrazkoek. Kazetari gisa egin duen lanagatik, hain justu, NBE Nazio Batuen Erakundeak banatzen duen Prentsa Askatasunaren Munduko Saria irabazi zuen aurreko maiatzean, bere kide Niloofar Hamedirekin eta Elaheh Mohammadirekin batera.

Ikusi gehiago: Moralaren Poliziaren ustezko eraso baten ondorioz koman dagoen neska baten afera ikertzeko eskatu dute

«Emakumea, bizitza, askatasuna», adierazi du batzordeko presidente Berit Reiss-Andersenek, saria nori emango dioten iragarri duenean. Hain zuzen, emakumezkoen eskubideen alde Iranen egiten dituzten manifestazioetan lelo hori bera oihukatzen dute. Protesta horiek areagotzen hasi ziren iazko irailean, Mahsa Amini 22 urteko emakume kurdua hil egin baitzen, Teherango Poliziak atxilotu eta hiru egunera. Moralaren Poliziak hartu zuen atxilo, arrazoi gisa jarrita beloa «gaizki jantzita» zeramala. Eta batzordeak azpimarratu duenez, «Teherango preso politikoek» mobilizazio horien berri eduki zutenean Mohammadi «presoak antolatzen» hasi zen. Adierazi dute, gainera, protesta haiek eten ez zitezen bultzatu zuela. Batzordeak esan du, bide batez, Mohammadi sarituta aitortza bat egiten zaiela Irango agintariek emakumezkoei pairarazten dieten jazarpenaren aurka protesta egiten dutenei. «Zalantzarik gabe, Mohammadi da mugimendu horren liderra».

Demokrazia «gain behera» dago, Berit Reiss-Andersenen esanetan. Iruditzen zaio hori ondoriozta daitekeela aintzat hartuta nortzuek irabazi duten saria azkeneko urteetan. Iaz, Ales Bialiatski giza eskubideen aldeko ekintzaile bielorrusiarra izan zen, eta duela bi urte, Maria Ressa (Filipinak) eta Dmitri Muratov (Errusia) kazetariak.

Deia Irani

Itxaropentsu agertu da batzordearen presidentea, eta esan du Mohammadi sarituz espero duela «seinale bat» bidaltzea Irango Gobernuari. «Bere herritarrek esaten dutena entzun beharra dauka». Iaz, Poliziak atxilotu eta hiru egunera hil zen Amini, eta asteon jakin da 16 urteko neska bat, Armita Geravand, koman dagoela, Moralaren Poliziaren ustezko eraso baten ondorioz. Giza eskubideen aldeko taldeek zabaldu dutenez, joan den igandean neska talde bat ilea bistan sartu zen Teherango metroko bagoi batera; haietako bat zen Geravand, eta han eraso zioten poliziek.

Ikusi gehiago: Protesten errautsak, iraultzarako ongarri

351 hautagai zituen aurten Bakearen Nobel sariak: 259 norbanako eta 92 erakunde. Irabazleari urrezko domina bat ematen diote, diploma bat eta milioi bat koroa suediar (950.000 euro inguru). Sari banaketa abenduan izan ohi da. Mohammadi kartzelatuta dagoela eta, saria jaso ahal izango duen galdetu diote Reiss-Anderseni. Erantzun du espero duela Teheranek «erabaki zuzena» hartzea eta hura aske uztea. Gaineratu du hilabete batzuk dituztela «logistika prestatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.