Industria

Sektore eolikoa eta milaka lanpostu desagertzeko arriskuaz ohartarazi du ELAk

Siemens Gamesak, Nordex Accionak eta Vestasek galera handiak dituzte, eta sindikatuak uste du «ezer egin ezean» kolokan egon daitekeela Euskal Herrian estrategikotzat jotzen den alor hori

jarraia233844.jpg
joxerra senar
2023ko urriaren 11
12:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Azaroaren 21ean urteko emaitzak eta etorkizuneko plan estrategikoa aurkeztuko ditu Siemens Gamesak. Data hori egutegian hizki gorriz markatua dute enpresa eoliko horretako ELAren ordezkariek. Azken bi urteetan, kostuen igoeraren, sektoreko lasterketa teknologikoaren eta Txinako enpresen lehia desleialaren ondorioz, lurreko haize errotak egiten dituzten hiru enpresa handiek errentagarritasun arazo larriak dituzte. Horietako bat da Siemens Gamesa, eta lanpostu galera handi bat iragarriko ote duen beldur dira. Sektorea bera arriskuan dagoela ikusten dute.

Ez da funtsik gabeko beldurra. Asteon, Reuters agentziak zabaldu du Siemens taldea aztertzen ari dela Siemens Gamesako fabrika eta bulegoak saltzea. Informazio horrek adierazten duenez, luzarora arnasa emango lioke energia eolikoko atalari, fabrikazioaren funtsezko osagaiak azpikontratuko lituzkeelako, hala nola haize erroten hegalak. Aurrezteko asmo horrek erakutsiko luke Asiako lehiakideen esku utziko lukeela atal hori.

Informazio horrek islatzen du badela kezkatzeko arrazoia. Gaur goizean, Carlos Matute eta Josean Hernandez Siemens Gamesako ordezkariek eta Puy Remirez ELA Industriako ordezkariek azaldu dute Siemens Gamesako buruzagiek lasaitasuna ematen dietela, baina ez dira fio haien hitzez. Adibide gisa jarri dute bertako hainbat hornitzaile azpikontratatzeari utzi diotela. «Enpresek ez dute negozio marjinarik. Denbora daramate jendea kaleratzen, produkzioa kanporatzen langile merkeagoko herrialdeetara eta hornitzaileak mehatxatzen prezioak jaitsi ezean alde egingo dutela Txinaren moduko beste toki batzuetara», azaldu du Carlos Matutek.

Paradoxikoki, aldeko haizea izan beharko luke sektore eolikoak trantsizio energetikoaren garaiotan. Alta, kontrako egoera deskribatu du Matutek: «Kontratua izenpetzen da, eta handik bi urtera parkea ezartzen da. Bi urte horietan gerta daitezkeen edozein aldaketak —inflazioa, kostuen igoera, gorabehera meteorologikoak...— milioi askoko kalte ordainak eragiten ditu parke horretan».

Aldi berean, potentzia eta tamaina handiagoko errotak gero eta merkeago egiteko lehia teknologikoa dago. Horrek guztiak mesede egiten die finantza gihar handiagoa duten Asiako lehiakideei, bereziki Txinakoei. ELAk salatu du Txinako Gobernutik jasotzen duten laguntzaren ondorioz «lehia desleiala» egiten dutela, eta merkatuan abantaila handia hartu, Europako ekoizleen lepotik. «Ez dugu arau berekin jokatzen». Euskal Herrira iritsi ez badira ere, Espainian hainbat proiektu sustatzen ari direla aurreratu dute.

Horregatik, sektorea babesteko eskatu dute, parkeak adjudikatzerakoan tokiko produkzioa lehenetsiz. Ontzat jo dituzte Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak sektorearen alde zerbait egiteko beharrari buruz egindako adierazpenak. Urriaren 24an jakinaraziko du Europako Batzordeak zer egingo duen, baina ELAk gogorarazi du babes neurriek deslokalizazioaren aurkako baldintzak jaso beharko lituzketela.

Siemens Gamesak Hego Euskal Herrian 2.900 laguni ematen die lana, eta Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diote sektore estrategikoa babes dezatela. Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik «hitz hutsalak» jaso dituztela kritikatu dute: «Ez dute harago begiratzen: ez dute etorkizunera begiratzen. Behar dugu aurrez jokatzea eta bertako sektorea babestea», esan du Matutek. Datozen asteetan bilerak eskatuko dizkiete bi gobernuei eta eragile politikoei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.