Israelgo armada «laster» sartuko da Gazan, «irabazteko»

Gazako mugan tropak hedatzen ari da Tel Aviv; zibilei berriro esan die hegoaldera ihes egiteko, eta Sderot ebakuatzen hastear da. Bitartean, bonbardaketek ez dute etenik. Netanyahuk gerra kabinetea bildu du: «Guk eraitsiko dugu Hamas».

Israelgo militar talde bat Gazako mugan, gaur. ABIR SULTAN / EFE
Maddi Iztueta Olano - Paulo Ostolaza
2023ko urriaren 15a
12:22
Entzun 00:00:0000:00:00

Israelen lehorreko ofentsiba datozen orduetan hastekoa dela dirudi. Azken abisua Herzi Halevi armadako jeneralak eman du. Haren arabera, Gazako mugan hedatuta dauden tropak «laster» sartuko dira hara: «Gure ardura Gazan sartzea da, Hamas erasoak prestatzen eta jaurtigaiak botatzen ari den lekuetara joatea. Kokagune guztiei egingo diegu eraso, hango kide guztiei, eta azpiegitura suntsituko dugu. Hitz batean, irabaztera goaz».

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ere hitz egin du gaur. «Hamasek uste zuen eraitsi egingo gintuela, baina gu gara Hamas eraitsiko dutenak», esan du, lehen aldiz asteazkenean eratu zen gerra kabinetea bildu duenean. Jarraipena eman die atzo arratsaldean esandakoei. «Prest zaudete hurrengo faserako?», galdetu zien Gazako mugan dauden lurrerako tropei. Beraz, begibistakoa da ondorioa: Israel «hurrengo faserako» prestatzen ari da, Gazari «lehorrez, airez eta itsasoz» eraso egiteko.

Gauean, Gazako mugan tropak hedatzen jarraitu du Tel Avivek, eta Gaza iparraldean dauden zibilei berriro esan die hegoaldera ihes egiteko. Gainera, mugatik gertu dagoen Sderot hiriko 30.000 biztanleei gomendatu die hiritik alde egitea astelehena baino lehen. Israelgo armadaren bozeramaileetako batek eman du azken oharra: «Entzun gure abisuak: gune horretan jarduera militar esanguratsua izango dela esaten ari gara». Ostiralean, Israelek Gaza hegoaldeko biztanleei atzo goizaldera arteko epea eman zien etxea utzi eta hegoaldera joateko. Azkenean, ordea, gaur ere ireki dute korridorea, 9:00etatik 12:00etara.

Lurreko erasoa gertu da, zantzu guztien arabera, baina bonbardaketek ez dute etenik. Zerrendaren hegoaldean eta iparraldean izan dira gauean, eta haietan Hamaseko komandante bat hil duela jakinarazi du Israelek.

Mehatxua ikusirik, irmo agertu zen atzo Hamaseko adar politikoko lider Ismail Haniyeh. «Gazako herritarrak beren lurraldean geldituko dira. Ez dute inoiz Gaza utziko edo ihes egingo», adierazi zuen telebistan egindako agerraldi batean. Israeli «genozidio bat» egitea leporatu zion, eta nabarmendu zuen ez zela bera bakarrik ari, eta «AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Europako zenbait herrialderen laguntza» ere bazuela. Israelek lurreko operazioaren berri eman ondoren, dozenaka mila palestinarrek babes bila jo dute ospitaleetara.

Israelek iragarritako asmoei ere erantzun die Iranek. «Berandu izan baino lehen», Gazaren aurkako gerra krimenak eteteko aholkatu dio Tel Avivi Irango Atzerri ministro Hossein Amir-Abdollahianek, eta ohartarazi dio erasoekin jarraituz gero Ekialde Hurbileko beste eremu batzuetara zabaldu litekeela gatazka. Bereziki, Hezbollah milizia gerran sartuz gero horrek Israelentzat izan ditzakeen kalteen inguruan ohartarazi du.

Israelek Gazan lurreko ofentsiba bat egiteko arriskua presente egon da aurreko larunbatean gatazka hasi zenetik. Horren adierazle nabarmenena izan zen Israelek Gaza iparraldeko biztanleei emandako ultimatuma: armadak 1,1 milioi laguni (Gazako biztanleen ia erdiei) agindu zien hegoaldera joateko. Hasieran, atzo goizaldera arteko epea eman zien etxea uzteko. Gero, 16:00ak arte luzatu zuen epe hori, eta, azkenean, gaur goizean ere eman dizkie hiru ordu ihes egiteko. Milaka batzuek lortu dute hegoaldera joatea, baina beste asko, ia gehienak, han geratu dira. Besteak beste, ospitaleetako langileak izan dira Gaza iparraldetik joateari uko egin dioten batzuk. Izan ere, salatu dute ehunka zauriturentzat «ezinezkoa» litzatekeela hegoalderako bidaia egitea, argudiatuta «osasunez oso larri» daudela.

Ez da nolanahikoa Gaza iparraldetik hegoaldera egin beharreko bidea, Israelek Gaza bonbardatzen jarraitu baitu, eta asko hil ditu bidean. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2.670 palestinar hil eta 9.600 zauritu ditu Israelek. Tel Aviven arabera, berriz, 1.300 lagunetik gora hil eta 3.500 zauritu dituzte palestinarrek. NBE Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi duenez, jada milioi bat desplazatu eragin ditu urriaren 7an lehertu zen gatazkak.

Astelehenean Israelek Gaza erabat setiatu ondoren, gero eta baliabide gutxiago geratzen zaizkie hango biztanleei. Asteazkenean eten zen argindarra, Gazako zentral elektrikoa erregairik gabe gelditu zenean. Urik gabe gelditzeko arriskuren berri ere eman zuen UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak, eta AEBetako ordezkariek gaur jakinarazi dute Israelek ur hornidura berrezarriko duela Gaza hegoaldean gaur bertan.

Betetzen ezinezkoa den eskaera bat

Ultimatumari berehala erantzun dio nazioarteak. Horietako bat izan da EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrell: «Uste izatea milioi bat pertsona 24 orduan mugi ditzakezula gerra egoeran, elikagairik, urik edo aterperik gabeko gune batera, setiopean, izugarri arriskutsua da, eta ia ezinezkoa». Israeli sostengua berriro adierazi dion arren, nabarmendu du Israelek defendatzeko duen eskubideak «muga bat» duela eta muga hori «nazioarteko legea» dela.

Israeli etengabe babesa adierazi dio Joe Biden AEBetako presidenteak, eta hark ere hau idatzi du X sare sozialean: «Ez dugu ahaztu behar palestinarren gehiengoak ez duela zerikusirik Hamasen eraso lazgarriekin, eta horien ondorioz sufritzen ari dela».

Nazioarteko diplomaziako beste ahots batzuk gogorragoak izan dira Israelekin. Esaterako, populazio bat bizitokiz mugitzera behartzea «gerra krimena» dela esan du Jan Egeland Norvegiako Atzerri ministro ohiak, Genevako konbentzioa oinarri hartuta. Hain justu, palestinarren eta israeldarren arteko Osloko bake akordioen sustatzaileetako bat izan zen Egeland. «Ume mordo bat dago hondakinen azpian, eta inork ezin ditu atera... dozenaka mila etxebizitza suntsituta...».

Gerra eremutik gertuago, Ekialde Hurbilean, hizpide izan dute Israelek agindutako lekualdatzea ere. Egiptok, Jordaniak, Qatarrek eta Iranek aho batez gaitzetsi dute Tel Aviven agindua. «Garrantzitsua da palestinarrak beren lurrean geratzea», esan du Egiptoko presidente Abdel Fattah el-Sisik. Jordaniako errege Abdullah II.ak, berriz, lekualdatze horrek Ekialde Hurbileko mapa geopolitikoari nola eragingo liokeen ohartarazi du: «Ezinbestekoa da lekualdatze behartuari aurre egitea eta hori etetea, errefuxiatuen krisi bat inguruko herrialdeetara ez hedatzeko». Herrialde horretako Atzerri ministro Ayman Safadik, berriz, Israelek Gazako 2,3 milioi palestinarri ezarritako «zigor kolektiboa» gaitzetsi du.

Baliabiderik gabe geratzeko zorian

«Denbora amaitzen» ari zaie Gazako haurrei, NBE Nazio Batuen Erakundearen haurrentzako Unicef erakundeak ohartarazi duenez. Haurrei, eta, oro har, Gazatik atera ezinik dauden guztiei. Astelehenean Israelek Gaza erabat setiatu ondoren, gero eta baliabide gutxiago geratzen zaizkie hango biztanleei, nahiz eta Israelek gaur jakinarazi duen ur hornidura berrezarriko duela Gaza hegoaldean.

Asteon, behin eta berriz eskatu diote nazioarteari Gazara lehenbailehen giza laguntza bidaltzeko. Bada, Bidenek baieztatu du horretarako «elkarlanean» ari direla AEBak, Israel, Jordania, Egipto eta NBE. Hori bai, giza laguntza bidaliko badute, eta korridore humanitario bat irekiko badute, «ezinbestekoa da» Israelek erasoak etetea, edo bi aldeek «su eten bat» negoziatzea. Izan ere, txoko bat bera ere ez dago «arriskutik salbu» Gazan. «Gerrek arauak dituzte. Zibilak, ospitaleak, eskolak, klinikak eta NBEk kudeatzen dituen eraikinak ezin dira helburu militarrak izan». Edonola ere, UNRWAk esan du erakundearen egoitzak ere jada ez direla «espazio seguruak».

Gatazka hasi zenetik Israelen aldera lerratu den arren, Europako Batzordeak esan du hirukoiztu egingo duela Gazara bidaliko duten giza laguntza. Denera, 75 milioi euro kostatuko da, aurreikusi baino 50 milioi euro gehiago. «NBErekin elkarlanean jarraituko dugu laguntza hau Gazan dauden guztiengana iristen dela ziurtatzeko», azaldu du batzordeko presidente Ursula von der Leyenek.

Fronteetan, borrokak ez du etenik

Israelek agindua eman zuenetik, Gaza iparraldea izan da erdigunean. Halere, bi aldeen arteko bonbardaketek ez dute etenik izan, ez Gazako mugako frontean, ezta Israelen eta Libanoren arteko frontean ere. Azken eremu horretan giroa nabarmen gaiztotu da azken orduetan. Hezbollah miliziak eta Israelgo armadak baieztatu dute bi aldeen arteko erasoak izan direla atzo eta gaur.

Gazatik zenbait kilometro ekialdera, Zisjordanian, beste forma bat hartzen ari da gerra. Larunbatetik hona, 400 palestinar baino gehiago atxilotu ditu Israelgo Poliziak, eta 53 palestinar inguru hil dituzte han —kolonoen eta palestinarren arteko borroketan gehienak—. Addameer presoen eskubideen aldeko elkarteak ohartarazi zuenez, palestinarrak bakartuta dauzkate kartzeletan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.