SEKTORE PUBLIKOKO GREBA

Sindikatuak kexu dira biharko sektore publikoko grebako gutxieneko zerbitzuak direla eta

Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak» direla diote. Bihar egingo dute greba Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoan.

Donostiako Groseko anbulategiko ilara, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
inaut matauko rada
2023ko urriaren 24a
15:01
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoko grebaren atarian, ELA, LAB, CCOO, Steilas, SATSE eta ESK sindikatuek adierazi dute Eusko Jaurlaritzak jarri dituen gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak» direla. Hiru lurralde horietako tokiko administrazioetako 152.000 langile publiko deituta daude bihar eta abenduaren 19an greba egitera, baina horietako askok lanera joan beharko dute, gutxieneko zerbitzu horiek direla eta.

Sindikatuen arabera, atzo jakinarazi zituen Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak, eta salatu dute milaka langile «greba eskubidea egikaritu ezinik» geratuko direla.

Erakundeen koherentzia falta ere salatu dute. Izan ere, sindikatuek uste dute zerbitzu publikoek «gainbehera nabarmena» izan dutela azken urteetan, eta agintariei soilik greba dagoenean axola zaiela zerbitzuaren kalitatea.

Garbi dute soilik egun bateko greba izanik gutxieneko zerbitzuak «guztiz funtsezkoak» diren jardueretarako soilik ezarri beharko lituzketela.

Osakidetza eta hezkuntza

Zehazki, sindikatuak kexu dira Osakidetzan eta hezkuntzan jarri dituzten gutxieneko zerbitzuez. Haien esanetan, lehenago osasungintza publikoko lehen arretan jaiegunetako gutxieneko zerbitzuak ezartzen ziren greba egunetan, baina, orain, larunbatetakoak.

Unibertsitateaz gaindiko eskola publikoetan, bestalde, lehen zuzendaritzako kide batek eta sarrera kontrolatzeko beste batek joan behar zuten soilik greba egun batean, baina, orain, hezkuntza etapa bakoitzeko irakasle batek joan behar du ikastetxera. Bestalde, haur eta lehen hezkuntzan ehun ikasleko beste irakasle batek joan beharko du.

Ohi baino langile gehiago

Lan sektore batzuetan normalean baino langile gehiagoko gutxieneko zerbitzuak jarri dituztela esan dute sindikatuek. Esaterako, Osakidetzako etengabeko arretako guneetan behargin guztiek joan beharko dute lanera, Eusko Jaurlaritzak ezarritakoaren arabera, baina sindikatuek adierazi dute gune horietan hutsune asko ordezkatu gabe geratzen direla egunerokoan.

«%100eko gutxienekoak ezartzeak honakoa esan nahi du: egunerokoan zerbitzu horiek aurrera ateratzen dituen langile taldea ezinbesteko gutxienekoa dela, hau da, urte osoan gutxieneko zerbitzuetan lan egiten dutela», adierazi dute sindikatu denek ohar batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.