Lan gatazkak

Glavistako langileek irtenbide bat eskatu diote Guardiani beste behin

Beharginek protesta egin dute Laudioko lantegiaren aurrean. Datorrean astean Eusko Jaurlaritzarekin bilduko dira. 

Enpresara sartu dira langileak gaur egurdian. JON URBE/FOKU
aitor biain
2023ko urriaren 26a
17:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzerako kontaketa behin-behinean etenda badago ere, Autoglas-Glavistako langileek ez dute epaile batek zer erabaki zain egon nahi. Elkarretaratzeak eta mobilizazioak egiten jarraitzen dute, beren lanpostuen defentsan. Bada, Guardian enpresaren atarira eraman dute protesta gaur beharginek, beste behin ere, Laudioko (Araba) multinazionalari jarreraz alda dezala eta auziari irtenbide bat eman diezaiola eskatzeko. Langileek hura jotzen baitute haien egoeraren erantzule.

240 langileren etorkizuna dago jokoan. Horiek kaleratzeko espedientea hilaren hasieran aurkeztu zuen Autoglas-Glavistako zuzendaritzak, baina Gasteizko epaile batek etetea erabaki zuen aurreko astean, sindikatuen eskariak aintzat hartu ostean.

ELA sindikatuak hala eskatuta, epaileak informazio osagarria eskatu du enplegua erregulatzeko espedientea argitu ahal izateko. Besteak beste, enpresaren salerosketa zein baldintzatan egin zen argitzeko dokumentuak eskatu ditu. Horrez gain, kontsulta aldiak iraun artean, prozesuaren parte izateko agindu die epaileak Parter Capital inbertsio funtsari eta Guardiani. Laudioko ordezkaritzak ez ezik, Espainiako eta Europako adarren arduradunek ere egon beharko dute.

Langileek eta haien ordezkariek pozik hartu dute erabakia, uste dutelako auzia argitzen lagundu dezakeela. Argi dute, dena den, Guardinek duela konponbidearen giltza, harenak direlako enpresaren lurrak. Hala gogorarazi diote multinazionalari gaur. Langileak enpresara sartu dira eguerdian, eta Guardian errudun. Glavista ez itxi zioten afixak jarri zituzten atari nagusian. Lurrak desjabetzeko aldarriak ere egin zituzten une horretan.

Jaurlaritzaren bilkura

Hori bera egitea proposatu du Elkarrekin Arabak, hain zuzen ere. Arabako Batzar Nagusietan mozio bat aurkeztu du taldeak, eta Glavistaren auzia konpontzeko hainbat neurri jaso ditu bertan. Arabako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza da horietako bat, baina emaitzarik emango ez balu lurren jabetza Guardini kentzea proposatu du.

Ostiralean bilduko dira langileak batzar nagusietako taldeekin. Aurrez, ostegunean, Eusko Jaurlaritzako Industria sailarekin elkartuko dira Bilbon. Bilkurak iraun bitartean, elkarretaratzea egingo dute langileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.