Sare plataformak jakinarazi duenez, Ainhoa Barbarin euskal presoaren hirugarren graduaren kontra ebatzi du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Sarek «atsekabea eta haserrea» adierazi ditu, eta salatu du Eusko Jaurlaritzaren eta Martuteneko espetxeko (Gipuzkoa) tratamendu batzordearen erabakiaren kontrakoa dela epaia: «Presoak garatu beharreko espetxe ibilbidea eta etxerako bidea oztopatzen ditu».
Barbarinek 21 urte daramatza preso, eta beteak ditu zigorraren hiru laurdenak. Halere, Sarek salatu du Barbarini bigarren aldiz eten diotela «birgizarteratzeko fasean aurrera egiteko aukera». Izan ere, ez da auzitegiak presoaren hirugarren gradua eteten duen lehen aldia. Otsailean ere gradu progresioaren aurka ebatzi zuen. Gerora, berriz onartu zioten, baina fiskalaren helegitea tarteko, behin-behinean etenda egon da abuztutik hona.
Sareren esanetan, «euskal gizartearen parte handi batek» salbuespen politikak amaitzeko eta «presoak etxeratzeko bidean» aurrera egiteko eskatzen dute, eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak eta epaileek ere entzun beharko lukete aldarri hori: «Lege arruntak ez du inolaz ere esaten presoek zigorrak espetxe harresien barruan bete behar dituztenik azken egunera arte».
Halako erabakien harira, «elkarbizitzari ateak irekitzen» jarraituko dutela azaldu du Sarek, salbuespen politikaren kontra indar egiteko: «Herritarrei dei egiten diegu, haiek ere giltzak eskuetan har ditzaten iragana betikotu nahi duten ateak itxi eta etorkizuneko ateak irekitzen jarrai dezagun».
San Argimiro, baldintzapean aske
Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Mikel San Argimiro euskal presoa baldintzapean aske geratu da. Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak ebatzi du preso donostiarra askatzearen alde. Hark 22 urte eta erdi egin ditu kartzelan.
San Argimiro 2002an atxilotu zuten, ETAkoa zelakoan, eta 25 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Espainia hegoaldean preso egon ostean, Espainiako Espetxe Erakundeek 2020ko uztailean jakinarazi zuten Soriara lekualdatuko zutela, bigarren graduan; 2021eko martxoan, berriz, Euskal Herriratzearen berri eman zuten. Ordurako, beteak zituen zigorraren hiru laurdenak. Iaz eman zioten hirugarren gradua lehen aldiz, baina Auzitegi Nazionalak atzera bota zuen.