Urbasako auziko autopsiak frogatu du semeari helduta zegoela aita, amildu zirenean

Auzi medikuen ikerketak ez du topatu substantzia toxikoen arrastorik, ezta haurra ito zutelako zantzurik ere. Ikertzaileek ez dute baztertu indarkeria bikarioko kasu bat izatea.

Ubaba inguruan aurkitu zuten atzo gizonaren furgoneta. AITOR KARASATORRE / FOKU
Maite Asensio Lozano - Ion Orzaiz
2023ko azaroaren 7a
07:20
Entzun

Nafarroan, Urbasa inguruan, 7 urteko haur baten eta haren aitaren gorpuak aurkitu dituzte gaur goizean –54 urte zituen aitak–. Haien bila ari ziren atzo iluntzetik, arratsaldean haurraren amak haren desagertzearen berri eman zuenetik. Guardia Zibilak aurkitu ditu gorpuak, gaur goizean, eta ikerketa bat abiatu du, argitzeko nola hil diren aita-semeak. Oraingoz, autopsiaren emaitzek frogatu dute aita-semeak amilduta hil zirela, erortzean egindako zauriengatik, eta aitak semea besoetan bilduta zuela jausi zirenean. Ikerketa bide guztiak zabalik daude oraindik, baina autopsiaren emaitzen ostean, indarra hartu du indarkeria bikarioaren hipotesiak.

Zehazki, hiru dira autopsiaren ondorioak: bat, auzi medikuek ez dute substantzia toxikoen arrastorik topatu aitaren eta semearen gorpuetan; bi, haurraren gorpuak ez du ito zuten zantzurik; eta hiru, semearen gorpuan zauri gutxiago antzeman dituzte, eta horrek esan nahi du aitaren gorputzak nolabait babestu zuela erorikotik. Aitaren besoetan bilduta erori zela semea, alegia. Ikerketaren iturriek BERRIAri azaldu diote «goizegi» dela oraindik indarkeria bikarioaren hipotesia ziurtzat jotzeko, horretarako aitaren motibazioa frogatu beharko bailitzateke —gizonek emakumeei sufrimendua eragiteko modu bat da indarkeria bikarioa, seme-alabei min egitean datzana—, baina autopsiak erakutsitakoaren argitara, hori da hipotesi nagusietako bat. Indarkeria bikarioaren hipotesia egiaztatuko balitz, hamabi lirateke 2003tik Euskal Herrian bortizkeria matxistaren ondorioz hildako haurrak.

Hainbat komunikabidek zabaldu dutenez, Mateo umearen gurasoak bananduta zeuden, eta ama atzo arratsaldean ohartu zen haurra falta zela, ikastetxera haren bila joan eta han ez zegoela esan ziotenean. Emakumeak berehala jo zuen Guardia Zibilak Lizarran duen kuartelera, desagertzea salatzera —Lizarran bizi da ama—, eta orduan hasi ziren haien bila, bai Guardia Zibila, baita Foruzaingoa, suhiltzaileak eta basozainak ere. Aitak ostiralean jaso zuen haurra, eta geroztik inork ez du haien berri izan. Gizonaren ibilgailua Ubabako begiratokian topatu zuten atzo arratsaldean, eta inguru hartan aritu dira bien bila. Gaur goizean, Guardia Zibilaren helikoptero batetik ikusi dituzte bi gorpuak, gune malkartsu batean, eta erreskate taldeak igorri behar izan dituzte hilotzak hartzera.

Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko Barne kontseilariak «atsekabea» agertu du, eta adierazi laguntza psikologikoa eta medikoa ematen ari zaizkiela senideei. Era berean, berretsi du ikerketa Guardia Zibilaren esku geratu dela, eta sumarioa sekretupean ezarri dutela. Hala, ez du zehaztu heriotzak indarkeria bikario gisara ikertzen ari diren —seme-alaben bidez egiten diete min gizonek emakumeei—, eta eskatu du «errespetatzeko» bai ikerlarien lana eta bai familiaren mina.

Elkarretaratzeak

Lizarrako Udalak, era berean, «elkartasuna eta babesa» adierazi die hildakoen senideei, lagunei eta hezkuntza komunitateari. «Familiak hemen izango du behar duen laguntza guztia», esan du Marta Ruiz de Alda alkateak. Elkarretaratze bat ere antolatu du, 13:00etarako: ehunka bizilagun elkartu dira. Iguzkitzako Udalak —hangoa zen gizona—, berriz, elkarretaratzera deitu du gaurko, 19:00etan; hark ere babesa adierazi die umeen gertukoei. Adingabea Lizarrako ikastolan zebilen, eta han ere agur ekitaldi itxi bat egitekoak dira arratsaldean. Lizarrako mugimendu feministak ere protesta egingo du bihar, 20:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.