Memoriaren Nazioarteko Egunaren harira, hainbat kontzentrazio eta topaketa egingo dituzte gaur. Eusko Legebiltzarra 10:00etan geratu da. Aurreko urteetan bezala, suontzi bat piztu dute Gauerdiko iparrorratza biktimen omenezko eskulturaren ondoan.
Eusko Legebiltzarreko ordezkaritza batu da bertan, eta, Bakartxo Tejeria legebiltzarreko presidentea eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru, bi minutuko isilunea egin dute. Lore eskaintza egin dute, eta Agur jaunak eta andreak kantarekin amaitu da ekitaldia. PP, Cs eta Voxeko ordezkariek ez dute parte hartu, «biktima guztiak parekatzen» dituztela argudiatuta. EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideek egin dute isilunea.
Ikusi gehiago: EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du, estatuaren biktimak aitortzeko eskatuz
Legebiltzarreko kanpoko ateak zabalik egongo dira egun osoan, herritarrek lore eskaintzan parte hartu ahal izan dezaten.
Ordu erdi lehenago egin du elkarretaratzea Etxerat-ek, Gasteizen. Gogoan hartu dituzte euskal presoen kontrako sakabanaketa politikaren ondorioz Espainia eta Frantziako espetxeetara egindako bidaietan hil diren hamasei senide eta hurbileko. «Etxerat-ek aktibo izaten jarraitu nahi du bizikidetzaren eta memoria inklusiboaren eraikuntzan, baina memoria kolektibo ofizialak oraindik ez ditu aintzat hartzen presoei eta haien ingurukoei hiru hamarkada luze hauetan erantsitako zigorraren bidegabekeria jasan zutenak. Sakabanaketa eta urrunketa politika diseinatu eta hiru hamarkada luzez mantendu dutenek mina eta sufrimendua sortuko zituela jakinda egin zuten».

Etxerat-en ustez, 12/20216 legea izan liteke tresna egokia sakabanaketaren biktimen aitortza eta erreparazioa ezartzeko: motibazio politikoko indarkeria dela-eta giza eskubideak urratu zaizkien biktimei aitortza eta erreparazioa ematen dien legea. Bide horretan lan egitera deitu du. Bestalde, eskatu du kartzelan segitzen duten euskal presoei lege arrunta aplikatzeko, salbuespen legedia alboratuta: «Lobby politiko eta judizialari eskatzen diogu utz diezaiela euskal preso, errefuxiatu eta deportatuei etxera itzultzeko bidea amaitzen».
Jaurlaritzak, Euskaldunan
Eusko Jaurlaritzak arratsalderako antolatu du ekitaldi nagusia, Bilbon, Euskalduna jauregian, Memoria duen etorkizuna. Jakin nahi dugu! lelopean. Biktima guztien oroimena lantzeaz gain, memoriaren transmisioa ardatz hartuta, eta hezkuntzan egiten ari diren hainbat egitasmotan oinarrituta, gatazka politikoaren ondorioei buruzko testigantzak entzungo dituzte.
160 gonbidatu baino gehiago izango dituzte, tartean irakasleak, ikasleak, biktimak, gizarte eragileak eta erakundeetako ordezkariak. Gaiari buruzko gogoetaren berri emango dute.