Natura Leheneratzeko Lege malguago bat onartu dute negoziazioetan

Aurreko dokumentuak baino neurri arinagoak ditu Europako Parlamentuak, Europako Batzordeak eta Europar Kontseiluak bart adostutako bertsioak. Zenbait talde ekologistaren arabera, neurriak ez dira nahikoa izango klima krisiari aurre egiteko.

Natura Leheneratzeko legearen aurkako manifestazio bat, uztailean, Europako Parlamentuaren aurrean, Estrasburgon (Frantzia). JULIEN WARNAND / EFE
maddi iztueta olano
2023ko azaroaren 10a
14:41
Entzun

Lau hilabetez luzatu diren eztabaiden ondoren, Natura Leheneratzeko Legearen azken bertsioa adostu dute bart gauean Europako Batzordeak eta Europako Parlamentuak. Legearen helburu nagusia da 2030erako EB Europako Batasuneko landa eremuen %20 eta itsas eremuen %20 leheneratzea; eta, ekosistemetako habitatei dagokienez, horien %30 leheneratzea 2030erako, %60 2040rako, eta %90 2050erako. Batzordearen arabera, egoera «kaskarrean» daude EBko landa eta itsaso eremuen %80 baino gehiago, eta hori «konpontzea» litzateke araudiaren asmoa.

Europako Batzordeak iaz aurkeztu zuen lege proiektua, eta Europako Parlamentuak iragan uztailean eman zion oniritzia. Hori bai, alde txikiz gailendu zen baiezkoa —aldeko 336 boto, kontrako 313 eta 13 abstentzio izan zituen testuak—. Proposatu zutenetik, neurriaren inguruan jarrera ezkorra izan dute nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektoreek, industria horietako zenbait taldek —enpresak, multinazionalak eta lobbyak— eta europarlamentuan ordezkaritza duten alderdi eskuindarrek.

Talde horien arabera, «nekazarien, abeltzainen eta arrantzaleen kontrakoa» zen hasierako testua. Halaber, kezkatuta azaldu ziren nekazaritzaren eta abeltzaintzaren industriako zenbait enpresa, legeak nekazariei «kalte egingo» zielakoan. Horren adibide da iragan uztailean europarlamentuak onartutako testua erabat baztertzeko EAP Europako Alderdi Popularrak egindako saiakera. Ez zuen nahikoa babes eskuratu, eta ez zuen aurrera egin.

Halere, oraingoan lortu dute parlamentuak eta batzordeak adostutako ituna uztailekoa baino nabarmen malguagoa izatea. Arindu dituzten neurrien artean daude, adibidez, hauexek: estatu kideek nekazaritza landen %10 soilik leheneratu beharko dituzte; lehengoratze osoaren %40 nekazaritzarako eta zohikaztegietarako ez diren lurretan egin ahal izango dute; eta erdira murriztu dituzte zohikaztegiak lehengoratzeko 2040rako eta 2050erako jarritako helburuak.

Gainera, nekazariek eta nekazaritza landen jabe pribatuek ez dituzte derrigor martxan jarri beharko testuak jasotako neurriak. Eta, neurriak ez ezik, testuan darabilten hizkuntza ere malgutu dute. Hala idatzi dute dokumentuan: «Estatu kideek indarrean jarri behar lituzkete helburuak betetzera bideratutako neurriak».

Akordioa txalotu dute EBko erakundeetako zenbait ordezkarik. Horien artean, Espainiako Trantsizio Ekologikorako jarduneko ministro Teresa Ribera Rodriguezek: «Gisa honetako lehen legea da hau. EBren parte diren estatuetako biodibertsitatea berreraikitzen lagunduko digu, baita klima aldaketari aurre egiten eta etorkizuneko belaunaldientzat natura kontserbatzen ere».

Baina, zenbaiten ustez, «malguegia da» legearen azken bertsioa. Hala esan du Europako Parlamentuko eurodiputatu ezkertiar Mick Wallacek: «Testuak jasotzen dituen neurriak ez dira nahikoa izango klima eta biodibertsitate krisiari aurre egiteko». Iritzi berekoak dira zenbait GKE ekologista, hala nola WWF Naturarentzako Mundu Funtsa, Birdlife eta Greenpeace. Ohar bateratu batean, argi utzi nahi izan dute akordioa ez dela «nahikoa», eta «etsigarritzat» jo dute dokumentua. «[Aurreko testutik oraingora] salbuespuen ugari gehitu dizkie neurriei, eta oso malgu jokatu dute estatu kideek hartu beharreko neurrien inguruan».

Hurrengo pausoak

Europarlamentuak eta Europako Batzordeak behin-behineko akordioa formalki onartu baino lehen, adostutako lege proiektuari oniritzia eman behar diete estatu kideek batzordean dituzten ordezkariek —hilaren 22an bozkatuko dute ziurrenik— eta Europako Parlamentuko Ingurumen Batzordeak —hilaren 29an edo 30ean dira bozkatzekoak—.

Horietan aurrera egiten badu, EBko Aldizkari Ofizialean iragarri eta hogei egunera sartuko da indarrean. Gero, klubeko 27 estatuek bi urte izango dituzte natura leheneratzeko martxan jarriko dituzten neurriak aurkezteko, baita horiek zer epetan hasi eta bukatuko dituzten zehazteko ere.

Edonola ere, ez dago argi bi bozketa horietan dokumentuak nahikoa babes lortuko duen. Izan ere, baliteke aurretik legearen aurka agertu diren zenbaitentzat oraindik ere «gogorregia» izatea akordioa, eta ezkertiar eta ekologistentzat, berriz, «malguegia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.