Sanchezen inbestidura saioa

Amnistia legeak hirurehundik gora independentistari eta 73 poliziari eragingo lieke

Bihar eta etzi egingo dute Sanchezen inbestidura saioa, eta, ezustekorik izan ezean, PSOEko hautagaiak bermatuta dauka lehenengo bozketan gehiengo osoa lortzea. PPk berriro esan du EBko erakundeetara joko dutela amnistia legearen proposamena eteteko.

Hainbat manifestari aurtengo Diadan, joan den irailean, Bartzelonan. ENRIC FONTCUBERTA / EFE
maddi iztueta olano
2023ko azaroaren 13a
13:33
Entzun

Argitara atera dira PSOEk Kataluniako bi indar subiranista nagusiekin hitzartutako amnistia legearen xehetasunak. PSOEk, Sumarrek, ERC Esquerra Republicanak, JxC Junts per Catalunyak, EH Bilduk, EAJk eta BNG Bloke Nazionalista Galiziarrak sinatu dute, eta atzo erregistratu zuten Espainiako Kongresuan, «presako prozedura» gisa. Lege proposamenak 2012tik gaur artean Kataluniako prozesu subiranistarekin —2014ko azaroaren 9ko herri galdeketa eta 2017ko urriaren 1eko erreferenduma—lotutako prozesu judizial batean dauden «arduradunei eta herritarrei» eragingo lieke; denera, bertan behera utziko lituzke hirurehundik gora independentistaren eta 73 poliziaren prozesu judizialak.

Aurkeztutako lege proposamenak ere barne hartzen ditu Tsunami Demokratikoko kideak —buruzagi subiranisten kontrako epaiaren ondorengo protesten buruan izan ziren 2019ko udazkenean— eta CDR errepublikaren defentsarako batzordeetakoak ere, zeinak, hurrenez hurren, ikertuak eta akusatuak izan diren, «terrorismoa egotzita».

Dokumentuan aipatzen ez dena da, ordea, «politikaren judizializazioaren» afera. Horren berri emana zuen Jaume Asensek, Sumarrek hala eskatuta PSOEren eta JxCren arteko negoziazioetan parte hartu duenak, ostiralean argi utzi baitzuen kontzeptu hori ez zegoela «arauan»; bi alderdi politikoek egin zuten prentsa oharrean baizik. Eta hori da, hain justu, JxCren nahietako bat, horrek bide emango liokeelako Laura Borras alderdiaren presidentea «politikaren judizializazioaren» biktimatzat jotzeko, eta, hortaz, hari amnistia emateko.

Amnistia indarrean sartuko balitz, Espainiara itzultzeko aukera izango luke Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak, haren kontrako prozesu judizialik gabe. Halaber, amnistia legearen bidez, bertan behera utzi ahalko lituzkete Generalitateko presidente ohi Artur Masen eta ERCko presidente Oriol Junquerasen aurka hasitako prozesu judizialak. Dokumentuaren arabera, amnistia eskaera egiten denetik gehienez ere bi hilabetera aplikatu beharko dute epaileek.

Edonola ere, Kongresuan erregistratu dutenetik, hilabeteak pasa litezke lege proposamena behin betiko onartu eta indarrean jarri arte. Gainera, PP Alderdi Popularrak birritan esana du amnistia legea eteten edo hori ahalik eta gehiena atzeratzen saiatuko direla, eta EB Europako Batasuneko erakundeetara joko dutela horretarako. Hain zuzen, Europako Alderdi Popularrak gaur iragarri duenez, amnistia legearen afera hurrengo Europako Parlamentuko osoko bileran eztabaidatzeko eskatuko dute. Hilaren 20tik 23ra izango da hori.

Amnistia legearen harira, presidentetzari «kosta ahala kosta» eutsi nahi izatea eta konstituziotik kanpo jardutea leporatu diote PPkoek PSOEri. Akusazio horiek uxatze aldera, argi utzi dute lege proposamenaren bigarren orrialdean: «[Espainiako] tradizio juridikoan, amnistia behin baino gehiagotan erabili izan da»; adibidetzat jarri dute 1977ko urriaren 15ean onartutako amnistia legea, diktaduraren ondorengoa.

Negoziazioen azken kolpea

Francina Armengol Espainiako Diputatuen Kongresuko presidenteak baieztatu du bihar eta etzi egingo dela Pedro Sanchez PSOEko hautagaiaren inbestidura saioa. Kongresuan ordezkaritza duten taldeekin abiatutako negoziazio sorta amaituta, Sanchez prest dago beste lau urtez presidentetzari eusten saiatzeko.

Hautagai sozialistak hilabete pasatxo behar izan du inbestidura gainditzeko behar adina babes lortzeko. Ezustekorik ezean, aldeko 179 boto izango ditu osteguneko bozketan —lehenengo bozketan gutxienez 176 behar ditu gobernuko presidente izendatua izateko—: PSOEren 121, Sumarren 31, ERCren zazpi, JxCren zazpi, EH Bilduren sei, EAJren bost eta BNGren eta CC Koalizio Kanariarraren bana. PP Alderdi Popularrak (137), Voxek (33) eta UPNk (bat), aldiz, haren aurka egingo dute.

Sanchezek iragan astean adostu zituen azken akordioak: ERCrekin lehenbizi, JxCrekin ondoren, eta BNGrekin, CCrekin eta EAJrekin azkenik. Horien eta besteen babesari esker, inbestidura gainditu ahal izango luke, baina Kataluniako bi indar subiranista nagusiekin egindako akordioek sozialisten aurkako sekulako oldarraldia eragin dute Espainiako zenbait hiritan.

PPk «espainiarren berdintasunaren alde» protesta egitera deitu zituen herenegun herritarrak. Espainiako Poliziaren arabera, 515.988 manifestarik parte hartu zuten popularrek Espainiako zenbait hiritan antolatu zituzten elkarretaratzeetan. Madrilen bildu zen jende gehien, 80.000 lagun inguru, baina jendetza elkartu zen Zaragozan, Sevillan eta Malagan ere. Datu horiek ikusita, pozik agertu dira eskuindarrak. «Atzo [herenegun], herriak Sanchez epaitu zuen. Espainiak ez du amore emango», esan du PPko koordinatzaile nagusi Elias Bendodok.

Ikusi gehiago: Sanchezen eta amnistiaren aurkakoek bete egin dute Madrilgo erdigunea

Hain justu, inbestidura noiz egingo den iragartzeko agerraldia aprobetxatuz, manifestazio horien inguruan hitz egin du Armengolek. «Beti defendatu izan ditut manifestazio guztiak, herritarrek beren iritzia eman ahal izateko guneak», adierazi du, baina gaitzetsi egin ditu «protesta horietan egon diren mota guztietako erasoak». Haren hitzaldiaren ondoren, Voxeko sindikatuak greba orokorrerako deia egin du, azaroaren 24rako.

Inbestiduraren agenda:

Bihar. Inbestidurako eztabaida. Sanchezek hartuko du hitza lehenbizi, 12:00etan, eta nahi bezain luze hitz egin ahalko du. Gero, hari erantzuteko tartea izango dute beste talde parlamentarioek. Podemosek bihar emango ditu barne kontsultako emaitzak: alderdiko diputatuek Sanchezen alde egin behar luketen, horixe da galdera.

Etzi. Inbestidurako bozketa.

Ostirala. Sanchezek inbestidura gainditzen badu, Armengol Zarzuelara joango da, erregeari inbestiduraren emaitzaren berri ematera. Orduan, Sanchezek karguaren zina egingo luke Felipe VI.aren aurrean. Ostiraletik aurrera, datozen lau urteetako gobernua osatu beharko du sozialistak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.