Berria -
2008ko abuztuak 25
Xabier Lasa Berriozarko (Nafarroa) alkateak eta Txentxo Jimenez Nafarroa Bai-ko parlamentariak argi dute igande goizaldean izan ziren istiluetan Foruzaingoa eta UPN izan zirela arduradun nagusiak. Hala adierazi dute gaur eguerdian Berriozarko Udaletxean eman duten prentsaurrekoan. Izan ere, UPNk NaBai-ren alkatetzak auzitan jartzeko "tentsionatze estrategia" daramala aurrera uste dute. "Ezegonkortasuna sortzeko UPNren Gobernuaren kanpainako beste ekintza bat da", esan du Lasak.
Ildo beretik, foruzainen oldarraldiaren oinarrian adura politikoak daudela nabarmendu du Jimenezek, eta ardura hori UPNrena dela. Areago, "Asaldatze eta polarizatze politikoaren estrategiako elementu nagusia" alderdi erregionalista dela erantsi du.
Gaur goizean Foruzaingoaren egoitzan deklarazioa hartu diotela agertu du Berriozarko alkateak, eta barne ikerketa egingo dutela agindu diotela. Jimenezek, berriz, Nafarroako Parlamentuan "ardurak argitzeko" eskatuko dutela azaldu du, eta, zehazki, Javier Caballero Barne kontseilariaren agerraldia galdegingo dutela. "Ez dut ulertzen Foruzaingoaren presentzia bere funtzioa ez zenean kontzertuan zeudenen segurtasuna bermatzea", azpimarratu du.
Igande goizaldean gertatu ziren istiluak. Festak dira datorren asteburuan Berriozarren, eta aurrekari gisa, kontzertua antolatu zuen udaletxeak. Goizaldeko hirurak aldera Foruzaingoa agertu zen kontzertua egiten ari ziren lekura, presoen hurbiltzea eskatzen zuen pankarta bat kentzeko eskatzeko. Gazteek kendu egin zuten, baina, hala ere, foruzainak berriro itzuli ziren eta kontzertuan zeudenen kontra oldartu ziren. Lau lagun osasun zerbitzuetan artatu behar izan zituzten; batek behaketa pean jarraitzen zuen atzo, burmuinean odolbildua duela-eta. Beste gazte bat, berriz, atxilotu egin zuten.
Alkateak adierazi du goizeko hirurak aldera etxean zegoela deitu egin ziotela kotnzertuaren inguruan "tentsioa" zegoela agertzeko. Joan zenean foruzainen buruarekin mintzatu zela esan du, eta alde egiteko eskatu ziela han egoteko arrazoirik ez zutela-eta. Foruzainburua "oso urduri" zegoela agertu du Lasak, eta berarekin mintzatzeko aurpegiko mozorroa ez zuela kendu. Lehen une batean joan egin zirela adierazi du, baina gero, bera gazteak lasaitzen ari zela, itzuli egin zirela, "kontzertua amaitzen ari zela eta jendea alde egiten ari zela". Bigarren aldi horretan jendearen kontra ekin ziotela agertu du eta berari tratu laidogarria eman ziotela. Larunbateko istiluen inguruan herritarrek jarri nahi dituzten salaketak bideratzeko prest agertu da Berriozarko Udala.
Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.
Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.
Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.