Politika

Berriozarko istiluak UPNren "tentsionatze estrategiaren" ondorio direla adierazi du NaBai-ko alkateak

Foruzaingoa gogor oldartu zen igande goizaldean udaletxeak antolatutako kontzertu batean parte hartzen zeuden gazteen kontra. Lau lagun osasun zerbitzuetan artatu behar izan zituzten, eta batek odolbildua du burmuinean. Beste bat atxilotu egin zuten. Berari ere tratu laidogarria eman ziotela salatu du Xabier Lasa Berriozarko alkateak.

2008ko abuztuaren 25a
16:09
Entzun
Xabier Lasa Berriozarko (Nafarroa) alkateak eta Txentxo Jimenez Nafarroa Bai-ko parlamentariak argi dute igande goizaldean izan ziren istiluetan Foruzaingoa eta UPN izan zirela arduradun nagusiak. Hala adierazi dute gaur eguerdian Berriozarko Udaletxean eman duten prentsaurrekoan. Izan ere, UPNk NaBai-ren alkatetzak auzitan jartzeko "tentsionatze estrategia" daramala aurrera uste dute. "Ezegonkortasuna sortzeko UPNren Gobernuaren kanpainako beste ekintza bat da", esan du Lasak.

Ildo beretik, foruzainen oldarraldiaren oinarrian adura politikoak daudela nabarmendu du Jimenezek, eta ardura hori UPNrena dela. Areago, "Asaldatze eta polarizatze politikoaren estrategiako elementu nagusia" alderdi erregionalista dela erantsi du.

Gaur goizean Foruzaingoaren egoitzan deklarazioa hartu diotela agertu du Berriozarko alkateak, eta barne ikerketa egingo dutela agindu diotela. Jimenezek, berriz, Nafarroako Parlamentuan "ardurak argitzeko" eskatuko dutela azaldu du, eta, zehazki, Javier Caballero Barne kontseilariaren agerraldia galdegingo dutela. "Ez dut ulertzen Foruzaingoaren presentzia bere funtzioa ez zenean kontzertuan zeudenen segurtasuna bermatzea", azpimarratu du.

Igande goizaldean gertatu ziren istiluak. Festak dira datorren asteburuan Berriozarren, eta aurrekari gisa, kontzertua antolatu zuen udaletxeak. Goizaldeko hirurak aldera Foruzaingoa agertu zen kontzertua egiten ari ziren lekura, presoen hurbiltzea eskatzen zuen pankarta bat kentzeko eskatzeko. Gazteek kendu egin zuten, baina, hala ere, foruzainak berriro itzuli ziren eta kontzertuan zeudenen kontra oldartu ziren. Lau lagun osasun zerbitzuetan artatu behar izan zituzten; batek behaketa pean jarraitzen zuen atzo, burmuinean odolbildua duela-eta. Beste gazte bat, berriz, atxilotu egin zuten.

Alkateak adierazi du goizeko hirurak aldera etxean zegoela deitu egin ziotela kotnzertuaren inguruan "tentsioa" zegoela agertzeko. Joan zenean foruzainen buruarekin mintzatu zela esan du, eta alde egiteko eskatu ziela han egoteko arrazoirik ez zutela-eta. Foruzainburua "oso urduri" zegoela agertu du Lasak, eta berarekin mintzatzeko aurpegiko mozorroa ez zuela kendu. Lehen une batean joan egin zirela adierazi du, baina gero, bera gazteak lasaitzen ari zela, itzuli egin zirela, "kontzertua amaitzen ari zela eta jendea alde egiten ari zela". Bigarren aldi horretan jendearen kontra ekin ziotela agertu du eta berari tratu laidogarria eman ziotela. Larunbateko istiluen inguruan herritarrek jarri nahi dituzten salaketak bideratzeko prest agertu da Berriozarko Udala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.