euskara

Nafarroako Gobernuak Korrikagatik AEKri ematen dizkion laguntzak eten ditu, "terrorismoa goratzeagatik"

Korrika Iruñetik igaro zenean "ETAko presoen argazkiak eta Segiko ikurrak" ikusi zirela argudiatuz, laguntza guztiak etetea erabaki dute gaur egindako biltzarrean. Gobernua aurten zen euskararen aldeko lasterketa aurreneko aldiz laguntzekoa. Korrika gaur berriro Nafarroan da eta gauerdian Irurtzunera iritsiko da.

2009ko martxoaren 30a
19:21
Entzun
Larunbatean Korrika Iruñetik igaro zenean "terrorismoa goratu" zelako Nafarroako Gobernuak AEKri Korrika antolatzeko ematen dizkion diru laguntzak eten egin ditu. Jarrera horiek dituzten ekintzei ezin dietela diru laguntzarik eman adierazi du Alberto Catalan Gobernuko lehendakariorde eta bozeramaileak: “ETAko presoen argazkiak eta Segiko ikurrak ikusi ziren Iruñean Korrika igaro zenean. Jokaera horrekin nafartarren nahiak gutxiesten dira”.

Nafarroako Gobernua aurten zen euskararen aldeko lasterketa aurreneko aldiz laguntzekoa, lehen bider erosia zuelako kilometro bat, bi mila euro ordainduta -Iruñeko kilometroko bat erosi zuen-.

Haren jarrera "euskararen bidea oztopatzeko aitzakia" dela uste du AEK-k, eta honek dio bera ez dela erantzule Korrikan ikusten diren ikurrez-eta. AEK-k esan du komunikabideen bidez jakin duela Gobernuaren erabakia.

Catalanek adierazi du AEKri euskaltegiak finantzatzeko ematen dizkion diru laguntzekin jarraituko dutela

Korrikaren bosgarren eguna gaur

Iparraldea atzean utzi eta Nafarroan ari dira euskararen alde lasterka gaur, Korrikaren bosgarren egunean. Lapurdi zeharkatu dute eta Beran (Nafarroa) sartu dira jada. Besteak beste, Lesaka, Doneztebe, Oronoz eta Elizondotik pasatuko da, eta gauerdian Irurtzunera iritsiko da berriro. Larunbatean ere igaro zen Nafarroatik Korrika.

Iparraldean jende ugari bildu dela adierazi dute antolatzaileek; batez ere, Baigorri (Nafarroa Beherea) eta Senpere (Lapurdi) inguruan. Azken horretan, haur ugarik parte hartu dute.

Korrikak oraindik hainbat kilometro ditu aurretik. Ostegunean hasi zen, Tuteran (Nafarroa), eta martxa igandean amaituko da, Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.