Tortura

"Joxe Arregi hilobitik atera genuen argazkiak egiteko"

Joxe Arregiren gorpua harrizko mahai baten gainean, torturak txikituta, baldosa zuriak eta ate beltza atzean. Askoren memorian geratu diren argazkiak. Ez ziren Madrilgo Auzitegiko Institutu Anatomikoan atera. Ezta Carabanchelgo Ospitalean ere. “Hemen, hementxe izan zen”. Zizurkilgo hilerriko depositoan. Hala esan dio BERRIAren 'Igandea' gehigarriari Juan Kruz Unzurrunzagak.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2009ko maiatzaren 25a
13:17
Entzun
"Biltegi itxurako etxetxo honetan irudi haiek atera zirenik ere, zail egiten da sinesten. “Hemen izango zen, bada, ez dagoeta beste tokirik”. Juan Kruz Unzurrunzagak (Zarautz, 1940). Ezetz, ordutik ez dela itzuli hona, Zizurkilgo hilerrira (Gipuzkoa). 1981eko otsailaren 16ko gauetik. Etxetxoaren atea irekitakoan, orduan bai. Berehala agertu dira baldosa zuriak, parez-pare, barren-barreneko paretan. Tarteko atetik igaro arte ez da agertu mahaia, ezkerretara, marmol zuria gainean, gorpuen eta garbitzaileen likidoak isurtzeko zuloa azpian. Eskuineko txokoan, harraskatxo bat, eta ondoan leihoa. “Argazkiak ahalik eta arrasto gutxienekin ateratzen saiatu ginen. Maindireak ekarri genituen, tokia tapatzeko”. Eta kanpotik ez zezaten ikus zertan ari ziren toki hartan gauerdian, linternak eskuan. Arratsaldeko ordu bateko hileta elizkizunaren ostean itxi zuten hilobia atzera irekitzen -"panteoi honetako harlauza zigilatzeko erabili zuten porlana gogortu gabe zegoen artean"-, hilkutxa kontu handiz ateratzen, gorputegira eramaten eta argazki mordoa ateratzen. “Bost-hamar minutuko kontua izan zen”.

Azkarra eta garbia. Eta ezkutukoa. Joxe Arregi zenaren familiak berak ere ez du jakin. Gaur arte. Gure deiari erantzunez, izan ere, haren senide bat etorri da, eta zuzenean ari da entzuten Unzurrunzagaren testigantza. “Hura baino ekintza garbiagorik! Inork ez zuen lehendik halakorik egin, hori genuen alde. Nork pentsatu behar zuen inork hilobia ireki eta gorpua atera behar zuenik? Hemen ez zen poliziarik-eta geratzen gauerdi hartan”.

Joxe Arregiren hileta egun hura greba orokor eguna ere bazen Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, hain zuzen ere, eta Espainiako segurtasun indarrek nahiko lan bazuten tokian tokiko mobilizazioak kontrolatzen eta haiei jazartzen. Zizurkilgo hilerri honetan, beraz, eta urduritasunak urduritasun, lasai egin ahal izan zuten pentsatutakoa. “Gorpua kutxatik errespetu handiz atera eta erantzi egin genuen argazkietarako. Jo eta ma geratu ginen han agertu zena ikusitakoan. Beltzune haiek, hanka azpi haiek haragi bizitan! Lehertuta zegoen erabat. Aurpegiak ematen zuen ikara gutxien. Argazkiek ez dute erakusten izugarrikeria haren laurdena ere”.

Loreak eta papertxoak

Ez zuten besterik espero, hala ere. Espero ez zutena, hilkutxan aurkitu zituzten loreak eta papertxoak: “Plazan ireki zutenean jendeak kutxara sartuko zizkiola pentsatzen dut. Argazki saioa bukatu genuenean, guztia lehengo tokian ipini genuen, kontu handiz, gorpua berriz kutxan sartzerakoan”.

Egun osoa zeramaten hedabide guztiek Madrilen itxitako hilkutxa ezin zela ireki errepikatzen. Unzurrunzagak bazekien zergatik. “Presoen abokatua nintzen garai hartan. Lehen eskuko informazioa neukan. Hura hil bezperan Carabanchelgo Ospitalean bertan izan nintzen, eta han esan zidaten Arregi hiltzen ari zirela. Denek zekiten zurrumurrua, baina badakizu zer den boterea”. Hil zuten, bada. “Beste asko bezala”.

Eta bertsio ofiziala, beste askotan bezala, agerikoa ezkutatu nahian. “Niri eman zidan amorrua, Donostiatik Zizurkilerako bidean -Arregiren omenaldira nentorren autoz- albistegi guztietan 'arnasa eta bihotza gelditu izanaren ondorioz hil zela baieztatzen da' entzun behar hark! Denok hiltzen gara arnasa eta bihotza geldituta, aizu, baina Joxe Arregi torturagatik hil zen, eta ofizialki betiko geratuko zen bestea!”.

Eta kutxa irekitzeko debekuarena zegoen, hori ere errepikatzen zuen irratiak. “Haserre nengoen oso. Eta herrira heldu nintzenean, senideak erabat beldurtuta zeudela ikusi nuen. Hura ezkutuan pasatzen uztea izugarria iruditzen zitzaidan”. Herriko plazan hilkutxa mailu eta zintzelez ireki zutenekoa gogoan du. Baita jendetza ere. 28 urte joan dira ordutik, eta berotu egiten da oraindik ere gogoratzean. Horrelaxe bururatu zitzaion ezkutukoa agerian uztea. “Burutazioa izan zen, izan ere, hilkutxa ateratzea eta argazkiak egitea”. Lagun bati esan zion, Bixente Ameztoiri. Hark etxea zeukan Villabonan, Zizurkil ondoan, ezagutzen zituen ingurua eta ingurukoak. Omenaldiko argazkiak ateratzera joan zen argazkilari batekin egin zuten tratua, gauean hilerrian elkartzeko. Ameztoiren Villabonako etxera joan eta denbora egin zuten bertan, iluna heldu artean. “Jende gehienak artista gisa ezagutzen du Bixente. Normala, XX. mendean Euskal Herriak eman zuen artista handiena baitzen, Balerdirekin batera. Txoriburutzat ere izango dute batzuek, drogarekin arazoak izan zituelako eta. Pertsona osoa zen, bada, eta oso azkarra. Isilean eta ezeren truke lan asko egindako ezkertiarra eta abertzalea. Hau zuei kontatzeko arrazoi nagusia, hain zuzen ere, horixe da: hari omenaldia egitea. Hura hil zen, eta neu ere laster hilko naiz, gaitz larria daukadalako”.

Hilobia

Arregiren Zizurkilgo hileta eta omenaldia bukatutakoan, Unzurrunzaga eta Ameztoi artistaren etxera joan ziren, Villabonara, dena prestatzera. Atzera Zizurkilera abiatzeko garaia heldu zenean, maindire mordoa hartu eta etxetik irten zen lagun parea.

Joxe Arregi Izagirreren hilobia zuten zain, hilobi beraren aurrean dago orain Unzurrunzaga: “Egia borobila esaten du hilarriak, Madrilen hil zuten. Halaxe izan zen”. Berak ere Madrilen ezagutu zuen tortura zuzenean. “1975eko irailean izan zen, giroa oso gogorra zen, eta ETA politiko-militarreko komando bateko kide nintzen. Mikel Lejarza Egia =iEl Lobo zen gure azpiegitura arduraduna, eta erori ginen egun berean hitzordua jarri genuen harekin, hainbat kontu susmagarri egiten zitzaizkigula esateko. Gizajo plantak egin zituen, sinetsi egin genion. Gau hartantxe etorri zitzaizkigun poliziak etxera atxilotzera. Mirariz nago bizirik. ETApm hantxe hondoratu zen”. Unzurrunzagaren bi kide hil eta dozenaka atxilotu zituzten. “Lehen hiru egunetan gogor torturatu ninduten. Behingoz ni akabatzeko ere eskatu nien, baina halako batean gelditu egin ziren”. Espainiako Poliziaren Segurtasun Zuzendaritza Nagusira eraman zuten. Handik, Carabanchelgo kartzelara. Han hasi zen idazten Ordago etxeak argitaratuko zion Infiltración=u liburua, El Loboren infiltrazioari buruz.

Eta Franco hil osteko amnistia etorri zen. Abokatua zenez ikasketaz, kartzelatik irten berritan trajea jantzi eta presoen abokatu lanetan hasi zen. “Preso gisa ezagutzen ninduten funtzionarioen aurpegia ni trajearekin bisitan sartzen ikustean! Abokatutza berez ez zitzaidan gustatzen, baina ondo etorri zitzaidan presoei laguntzeko. Bisitan joaten nintzaien, gutunak eta beste eramanez. Hogeiren bat kartzela bisitatzen nituen”.

Damurik ez

Esan du lehen, abokatu lanari esker izan zuen Arregiri gertatzen ari zitzaionaren berri, eta hortxe hasi zitzaion berotzen odola, torturak ukatzeko eta gorpua ezkutatzeko temarekin sutzen. “Egin beharrekoa egin genuen: bertsio ofiziala indargabetu. Han isildu ziren betiko 'berez hil’, 'arnasa eten' eta antzeko irainak. Munduak jakin zuen Joxe Arregi torturagatik hil zela. Historian hala geratuko da. Egindakoa ez zait inoiz damutu”.

Eta hilobia itxi, eta etxera buelta. Gaur arte. “Zertarako bueltatu?”. Bazuten nahi zutena. Argazkilaria arduratu zen irudiak errebelatzeaz. “Hedabide eta agentzia guztiei, Amnistiaren Aldeko Batzordeei, Amnesty Internationali, ahal genuen guztiei helarazi genizkien irudiak”. Eta milaka pertsonaren memoria kolektiboan txertatu ziren. Zizurkilgo hilerri honetako harrizko mahai honetan ateratako argazkiak. Madrilgo Auzitegiko Institutu Anatomikotik eta Carabanchelgo Ospitaletik ehunka kilometrotara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.