Euskal Herriko gatazka

Espainian ez dagoela botere banaketarik eta zuzenbide estatua "usteltzen" ari dela nabarmendu du Arzalluzek

Xabier Arzalluz EAJko Euzkadi Buru Batzarreko lehendakariaren arabera, ezin esan daiteke Espainian botere banaketarik dagoenik, eta, era berean, zuzenbide estatua "usteltzen" ari da. Larrabetzun (Bizkaia) egin ditu adierazpen horiek EAJko buruzagiak, Batzoki berriaren inaugurazio ekitaldian.

2003ko uztailaren 12a
16:17
Entzun
"Gaur egun, Espainian botere banaketarik dagoenik ezin da esan, eta, beraz, boterearen kontrolik dagoenik ere ez", azaldu du Arzalluzek Larrabetzun. "Aznar eratzen ari den boteregunea kontrolatzea gero eta zailagoa da; gero eta antz handiagoa dauka aurreko garaiekin", kritikatu du. Botere banaketa hori gabe, zuzenbide estatua galtzeko zorian dela salatu du, halaber, EAJko presidenteak: "Hilabete batzuk badira Anasagasti eta biok kalitate txikiko demokrazia dagoela esaten ari garela; zuzenbide estatua usteltzen ari dela ikusten ari garela".

Hori guztia dela eta, beren burua progresistatzat duten Espainiako hedabideei "erreakzionatzeko" eskatu die Arzalluzek.

Espainiako Gobernuaren estrategiaren funtsa abertzaletasuna suntsitzea da Arzalluzen iduriko, eta Batasunaren ilegalizazioa estrategia horren barruan kokatu du. Hala ere, Aznarrek justu kontrako efektua lortu duela iruditzen zaio EAJko buruzagiari, "abertzaleak inoiz bainoboto gehiago jasotzen ari baikara".

Ezker abertzaleari, berriz, ETAk jardunean segitzen duen bitartean, jeltzaleek ez dutela harekin politika bateraturik egingo ohartarazi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.