politika

Ertzaintza Hendaiako polizia etxean izango da bi hilabete baino lehen

Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak eta Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak akordioa izenpetu dute, Erandion, baina haiek diote Ertzaintzaren egitekoen artean ez dela ETAren aurkako borroka egongo. EAJk dio hori lortzeko aurretik zegoen "eragozpena" Espainiako Gobernuak ipinitakoa zela.

Berria -

2009ko abenduak 28
Ertzaintza Baionako eta Hendaiako (Lapurdi) polizia etxeetan egoteko hitzarmena gaur sinatu dute Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak eta Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak -biak PSOEko kideak dira-, eta Hendaiakoan bi hilabete baino lehen egongo dela jakinarazi dute. Arratsaldeko sei eta erdietatik aurrera Erandioko (Bizkaia) ertzain etxean egin duten bileran izenpetu dute hitzarmena. Abuztuan Rubalcabak Frantziako Barne ministro Brice Hortefeuxekin hartu-emanak izan zituen horretaz. Haiek diotenez, Ertzaintzaren egitekoen artean ez da ETAren aurkako borroka egongo. Inmigrazioa edo droga trafikoa izango ditu lan arloak, betiere iturri ofizialen arabera. Aresek azpimarratu izan duenez, hemendik aurrera Frantziako Poliziarekin "elkarlanean" ariko da Ertzaintza Ipar Euskal Herriko zenbait polizia etxetan, Espainiako Polizia, Guardia Zibila eta CNI Espainiako zerbitzu sekretuekin batera. "Kolaborazio eta kooperazio lana" egingo dute, Herrizaingo sailburuaren arabera. "Oinarrizkoena, Ertzaintzak bere lana egin ahal izatea eta informazioa berehala partekatzeko koordinazio tresna egokiak izatea da". EAJk, Eusko Jaurlaritzan zela -aurtengo maiatzean utzi du-, hainbat aldiz egin zion polizien elkarlan eskaera hori Espainiako Gobernuari. Baina estatuen arteko mugak zeharkatzeko baimena soilik estatuetako poliziek zutela argudiatuta -Schengengo akordioa-, Espainiako Gobernuak esaten zuen ertzainek ezin zutela Bidasoa ibaia zeharkatu eta Frantziako Errepublikan sartu. Josu Erkoreka Kongresuko parlamentari jeltzaleak adierazi du hori erdiesteko aurretik zegoen "eragozpena" Espainiako Gobernuak jarritakoa zela, "PPkoak nahiz PSOEkoak". "Funtsik gabeko arrazoiak erabiltzen zituzten, eta faltsuak. Izan ere, bistan da: Europako legediek ahalbidetzen dute halako hitzarmenik".

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna