NEB Nafarroako Ezker Batuaren ekimenarekin bat egin dute Parlamentuan Nafarroa Baik, PSNk eta CDNk, eta horrenbestez, eremu mistoa Iruńerriko beste lau herritara zabaltzea onartu dute: Arangurenera, Beraskoainera, Galarrera eta Noainera. UPN izan da kontra bozkatu duen alderdi bakarra.
Orain, herri horietako bakoitzak udalbatzak onartu behar du eremu mistoan sartzea, eta hori gauzatutakoan orain arte galaraziak zituzten hainbat hizkuntz eskubide eskuratuko dituzte herri horietako biztanleek, besteak beste, hezkuntza sare publikoan euskarazko eredua jasotzekoa.
Esan bezala, UPN izan da ekimenaren kontra bozkatu duen alderdi bakarra. NaBAiko buruzagiek ere behin eta berriz agertu dute ez datozela guztiz bat gaur onartu denarekin, hain zuzen ere, aldaketa murritzegia iruditzen zaielako. Hala ere, herritar multzo batentzat hizkuntz eskubideetan aurrera egiatea dela iritzita alde bozkatzea erabaki dute.
1986an onartu zenetik Euskararen Legeari egiten zaion aurreneko aldaketa da, lehenago ere zenbait ekimen izan diren arren. Lege horren bidez Nafarroa hiru eremutan banatu zuten, eta eremu bakoitzeko biztanleek eskubide desberdinak dituzte euskararekiko. Hala, eremu ez-euskalduneko herritarrek ia guztiz ukatuak dituzte eskubide horiek.
Sareko BERRIAzalea:
Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.
Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.
Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.