Hezkuntza eremuari modu kezkagarrian begiratzen diote hezkuntza eta kultura arloetatik datozen eragileek, azkenaldian, eta urteetako lana galtzeko arriskuak kalera ateratzera behartu ditu. Euskal Herriak behar duen hizkuntzaren alde agiria sinatu dute 100 bat eragilek Ipar eta Hego Euskal Herrian, euskarak eta hezkuntzak bizi duten egoera salatuz. Hala ere, Jaurlaritzari egiten diote dei bereziki, abiatu duen bidea geldiaraz dezan hezkuntzaren alde. Hori eskatzeko eta "euskara gutxiesten" duela salatzeko manifestaziora deitu dute Donostian, hilaren 26an.
"Ofizialtasuna ukatzeraino" da larria Jaurlaritzaren jarrera, eta "hezkuntzaren eremuan egina dugun ibilbideari modu kezkagarrian eragiten dioten erabakiak hartzen ari dira: besteak beste, euskararen presentziari eta ezagutzari buruzkoak. Euskal Herria ulertzeko modu murriztailea, testu liburuak zentsuratzeko nahia, irakasleen gabezia edota biktimen auzia bideratzeko bultzatu nahi dituzten politikak".
Urteetan hezkuntzan lortu den kontsentsua haustea leporatzen diote, hezkuntza komunitateak adostutakoa "modu larrian" itxuraldatzea, eta ideologia politiko jakin baten alde aritzea, euskararen eta hezkuntzaren kalterako. Jaurlaritzak onartu berri duen Bakerako Hezkuntza Plana izan da, agiriaren arabera, hezkuntza komunitateak jaso duen azken erasoa.
Helbide honetan jasoko dituzte atxikimenduak datorren asteartetik aurrera: agiriahezkuntza@gmail.com-en, eta albisteen bloga izango da beste honetan: http:// www.blogari.net/agiriahez.
Behatokiaren ohartarazpena
Euskararen egoerak atzera egiteko arriskuaz Behatokiak ere ohartarazi du. Lan munduan gertatzen ari dena izan du oraingoan aztergai, eta ikusi duenak alertan jarri du: hamar urtean lan eskaintzan euskararen presentzia jaitsi dela ohartarazi du.
gizartea