Polizia operazioa

Bi anaia atxilotu dituzte bart Legorretan, ETArekin zerikusia dutelakoan

Igor eta Aitor Esnaola Dorronsoro dira atxilotuak, eta ustez 850 kilo lehergai aurkitu dizkiete. Guardia Zibilak dio armak eta lehergaiak gorde eta banatu izan dituztela "urteetan", baina azkenaldian "geldirik" zeudela. "Unerik zailenetan ere Gernikako Akordioaren printzipioak aldarrikatu nahi ditugu", esan du AAMk.

2011ko apirilaren 12a
20:15
Entzun

Guardia Zibilak bi anaia atxilotu ditu bart Legorretan (Gipuzkoa), ETAko kide direlakoan: Igor (36 urte) eta Aitor Esnaola Dorronsoro (40 urte). Poliziak fitxatu gabeak ziren, iturri haren arabera. 

Guardia Zibilak dio ETArekin kolaboratu dutela, armak eta lehergaiak gorde eta banatuz "hainbat urtetan", baina azkenaldian "geldirik" zeuden. Haren arabera, Erreka taldea osatzen zuten duela urte batzuetatik, eta guardia zibilek taldearen berri bazuten Frantziako Poliziak 2002an Ibon Fernandez Iradi ustezko etakidea atzeman zuenetik.

Goizeko hirurak aldera hasi dute operazioa. Berostegi auzoko Olalde baserria eta etxe bat aritu da miatzen Guardia Zibila. Ustez 850 kilo lehergai, detonagailuak eta ETAren informazioa aurkitu dute. Efe berri agentziak esan du berrehun agentek hartu dutela parte operazioan.

Trontzalariak dira Igor eta Aitor Esnaola, eta artzain eta baserri lanak egiten dituzte. 1999ko udal hauteskundeetan Euskal Herritarrok-eko (EH) zerrendakide izan ziren: Igor Legorretan, Aitor Gaztelun.

AAMk ohartarazi du torturatuak izan daitezkeela

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) ohartarazi du atxilotuak torturatuak izan daitezkeela. Halaber, salatu du Espainiako eta Frantziako estatuek "errepresioaren aldeko apustu itsuan" jarraitzen dutela. "Legez kanporatzeak, atxiloketak eta torturaren erabilerak segitzen dute haiek lanabes politikoak izaten".

"Unerik zailenetan ere Gernikako Akordioak jasotzen dituen printzipioak aldarrikatu nahi ditugu", esan du AAMk prentsa ohar batean.

Ezker abertzaleak atxiloketak salatu ditu, eta horiek ere Guardia Zibilaren eskuetan jasan dezaketen tratuaren inguruan kezka agertu dute. Atxiloketak, "torturak, debekuak eta legez kanporatzeak bezala", Espainiaren errepresio estrategiaren barruan kokatu ditu, eta PSOEk eta PPk salbuespen egoera mantentu nahi dutela nabarmendu du.

"Gernikan zehazturiko normalizazio politiko eta demokratikoaren bide-orria bere egin duen gehiengo politiko, sindikal eta sozialaren aurrean, Estatuak immobilismoaren lubaki politikoan eutsi nahi dio indarkeria eta errepresioaren erabilpenaren bidez, ideia eta proiektuen konfrontazio politiko eta demokratikoaren beldur".

Ezker abertzaleak bide politiko eta demokratikoak erabitzera deitu du Espainia, "Euskal Herrian irekiriko momentu politikoak eskatzen duen maila erakutsi dezan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.