Maiatzaren 22-ko hauteskundeak

Fiskaltzak uste du Batasunak erabili egin duela Bildu

Arratsaldeko zortziak aldera sartu du Gorenean koalizioaren zerrenda denen kontrako inpugnazioa. Atzo Estatuaren abokatuak aurkeztu zuen. Gorenak 48 orduko epea du erabakia hartzeko. Bilduk dio ez dagoela lege aldetik arrazoirik zerrenden aurka egiteko. Garaikoetxea: "Bildu kanpoan uzten badute, Europan bozak baliogabetzen saiatu beharko genuke". Txelui Morenok larrialdi egoera salatu du, eta Iñigo Urkulluk dio Zapaterok ez duela bete berari emandako hitza. Politikan parte hartzeko eskubidea urratzen ari direla ohartarazi du Lamarca arartekoak.

Berria -

2011ko apirilak 28

Espainiako Fiskaltzak gaur inpugnatu ditu Bildu koalizioaren hauteskunde zerrenda guztiak Auzitegi Gorenean, 20:00ak aldera, Batasuna legez kanpoko alderdi politikoak Bildu erabili egin duela iritzita. 254 zerrendak "ETA-Batasunak diseinatu" dituela dio Fiskaltzak bere idatzian, eta Batasunaren helburua "prozesu demokratikoan aurrera egiteko indar metaketa" egitea dela —Sorturen auzian antzeko arrazoia erabili zuen Fiskaltzak—.

EAk, Alternatibak eta independenteek osatzen dute koalizioa, eta zerrendetan independenteen kopurua "izugarria" dela esan du Fiskaltzak. Ondorioz, uste du horiek ezker abertzalekoak direla eta Batasunak jarri dituela hor, "presioa" eginez hainbat kasutan. Fiskaltzak dio froga gisa telefono entzuketak-eta aurkeztu dituela idatzian.  

Hemezortzi herri elkarteren aurka ere egin du, Batasunaren jarraipena direla egotzita.

Goreneko 61eko aretoko hamasei magistratuak gaueko bederatzietatik aurrera elkartu dira inpugnazioak aztertzeko, eta 48 orduko epea dute erabakia hartzeko. Bitartean, alegazioak jartzeko aukera izango du Bilduk.

Atzo Estatuaren abokatuak aurkeztu zuen zerrenda guztien kontrako inpugnazioa, Batasunak "kudeatu, zuzendu, koordinatu eta artikulatu" dituelakoan.

Sortu ezker abertzaleko alderdiaren auzia ere Goreneko 61eko aretoak aztertu zuen, duela aste batzuk. Bederatzi epaile alderdia erregistratzearen kontra azaldu ziren, zazpi alde. Ezker abertzaleari buruzko auzi saioetan sekula ez da izan halako zatiketarik Gorenean.

Espainiako Justizia ministro Francisco Caamañok gaur goizean esan du ez dutela koalizioaren kontra osotasunean egin, baizik eta koalizioko zerrenden kontra. Modu horretan EAren eta Alternatibaren aurkako erasorik ez dela izan azaldu nahi izan du. "Ez gara eztabaidatzen ari Bildu osatzen duten alderdiak legezkoak diren edo ez, baizik eta Batasunarekin harremana duten pertsonek kutsatu dituzten". Caamañoren hitzetan, Bilduri buruzko eztabaida zaila da eta "berritasunak" ditu. "Sortu alderdi berri bat zen, baina Bildu errealitateari lotuta dago, eta frogak badaude", adierazi du Justizia ministroak. Espainiako Gobernua babestu du Caamañok, eta zuhur jokatu dutela esan du. Arartekoak esan duenaren kontra, oinarrizko eskubiderik ez dutela urratu esan du.

Gorenak erabakia hartu arte erroldarik ez diote emango Bilduri

Espainiako Hauteskunde Batzordeak jakinarazi du ez diola Bilduri bozetarako erroldarik emango Gorenak erabakia hartu arte.

Joaquin de Fuentes Bardaji Estatuaren abokatuak egin zuen errolda Bilduri ez emateko eskaria, koalizioaren zerrendek Batasunarekin eta ETArekin harremana dutela esanda.

Koalizioak "zalantzarik" ez du bozetan egongo dela

Pello Urizar, Oskar Matute eta Aitziber Ibaibarriaga Bilduko bozeramaileen arabera, koalizioak “zalantzarik gabe” hartuko du parte maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetan. Izan ere, haien ustez, "ez dago lege aldetik eta juridikoki arrazoirik zerrenden aurka egiteko”.

Goizean prentsaurrekoa eman dute Bilbon eta, Urizarren iritziz, zentzugabea da Bilduk ETAk asmatutako estrategiari erantzuten diola esatea, “ez bada erakundeak bere desagertzeari laguntzen dion tresna sortzen lagundu duela”. Gogoratu duenez, EA, Alternatiba eta hautagai independenteek helburu politikoak lortzeko indarkeriaren erabilera —ETArena barne— errefusatzen dutela sinatu dute. “Maltzurra derigotzu frogarik gabeko akusazioetan oinarritzeari. Argi dugu bozka eskubide aktibo zein pasiboa txosten polizialen mende uzten duen ustezko demokraziak ezin duela bere burua demokraziatzat hartu”.

Bilduko zerrenda guztiak inpugnatzea aberrazio juridiko, politiko eta demokratikotzat hartu dute. Arrazoia, PPren presioaren aurrean PSOEk duen ahuldadea dela adierazi dute. Bildukoen hitzetan, inpugnatzeko erabakia ez da judiziala, politikoa baizik: “Arrazoi politiko eta guztiz antidemokratikoak besterik ez daude gizarte, politika eta demokrazia mailan horrelako dimentsioa duten zentzugabekeriak sustatu, bermatu edo isiltzeko”. 

Txelui Moreno: "Izan zen gauza bera egin zuen pertsonaia historikoa: Hitler"

Ezker abertzaleko kide Txelu Morenoren hitzetan, Bilduren zerrenden inpugnazioa ekintza bortitza da eta helburu politikoa du. Morenok salatu duenez, Hego Euskal Herrian hautagai izan ezin daitezken 40.000 pertsona daude, eta horregatik "larrialdi egoeran" bizi dela Euskal Herria esan du. Zehazki, "benetako Guantanamo" dela esan du. 

Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroa PPren txotxongilo dela esan du Morenok, eta PSOEri beldurrez jokatza leporatu dio. "Izan zen gauza bera egin zuen pertsonaia historikoa: Hitler. Alderdi komunista utzi zuen legez kanpo Alemaniako Gobernua osatzeko gehiengoa lortzeko".

Morenok argitu du, gainera, Guardia Zibilak inpugnazioa bultzatzeko erabili duen dokumentuetako bat ez dagokiola Bilduri, baizik eta Aralar, EA eta ezker abertzalearen balizko koalizio baterako dokumentua zela. "Ez du Bilduz ezer esaten. Harrigarria da nola gaiztotzen duten dena", esan du Morenok.

Garaikoetxea Europara jotzearen alde, Urkulluk mezua Espainiako Gobernuari

Carlos Garaikoetxea EAko eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia ozen mintzatu da gaur Bilduren zerrenden inpugnazioaren kontra eta, koalizioa hauteskundeetatik kanpo uzten badute, Europara jo behar dutela esan du. "Eta behar izanez gero, hauteskundeak baliogabetzen saiatu beharko genuke". Auziari ahalik eta oihartzun handiena ematearen aldekoa da Garaikoetxea, Europan "eskandalua" izan daitekeelako.

EAko kide historikoak, hala ere, oraindik esperantza badu, eta Bildu hauteskundeetan egongo dela uste du: "Justiziak ezin du horrelako askateriarik egin", esan du Radio Euskadin egindako adieazpenetan.

Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteak gaur esan du Bilduri aurkezten uzten ez badiote, bere alderdiak kontuan izango duela hori PSOErekin 2012ko Espainiako aurrekontuak negoziatzen dituenean. Urkulluren arabera, berak Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuarekin azkenaldian izandako bileretan, honek "normalizazio politikoaren" alde egingo zuela hitz eman zion, baina inpugnazioak ez doaz bide horretan.

Bilduk hauteskundeetara aurkezteko eskubidea duela dio arartekoak

Iñigo Lamarca EAEko arartekoak ere kritikatu egin du Bilduren zerrenden inpugnazioa, eta Estatuaren abokatua eta Fiskaltza herritarrek politikan parte hartzeko duten eskubidea urratzen ari direla adierazi du. Bilduk bozetara aurkezteko eskubidea duela azpimarratu du arartekoak. Lamarcak azaldu duenez, Sortu sortu zenean bere bulegoan ikerketa bat egin zuten, eta horren ondorio izan zela auzi horretan bozka eskubidea zegoela jokoan. "Sortuk legezkoa izan behar duela ondorioztatu genuen, eta argudio hori balekoa da Bildurentzat ere".

Bildu Eusko Alkartasunaren eta Alternatibaren koalizioa dela nabarmendu du Lamarcak, eta bi alderdi horiek "erabat demokratikoak eta orbainik gabekoak" direla esan du. "Politikan parte hartzeko eskubidea duten independenteak gehitu dituzte zerrendetara". Arartekoaren iritziz arriskutsua eta okerra da ezker abertzaleko ideak dituztenek delitua egiten ari direla pentsatzea; "delitua ETArekin kolaboratzea edo bat egitea da". Lamarcak gaineratu duenez, "ezker abertzale tradizionalaren masa sozialak" eskubidea du bozetan parte hartzeko, eta bere iritziz pertsona batek zer idea dituen ikertzea ere ez da legezkoa, "ez delako delitu".

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna