Itunak

NaBaik eta Bilduk babesa agertu diote PSNri Nafarroan gobernua aldatzeko

NaBaiko Nafarroako Gobernurako hautagaiak esan du Iruñeko Udalean gertatzen dena Nafarroako Gobernuarenaren adierazle izango dela. PSOEk Bildurekiko jarrera aldatuko duela uste du Zabaletak. Maiorga Ramirez Bilduren hautagaiak esan du Roberto Jimenez aurkezten bada Bilduk aldaketa lehenetsiko duela. Iruñeko Udalean Uxue Barkos babestu dezakeela ere esan du Ramirezek.

2011ko maiatzaren 24a
18:10
Entzun

Patxi Zabaleta: "Nafarroan aldaketarik ez badago, ez da NaBairengatik izango". Patxi Zabaleta NaBaiko Nafarroako lehendakaritzarako hautagaiak esan du NaBai prest dagoela Nafarroan UPN ez den beste gobernu baten alde egiteko, eta aldaketarik ez badago ez dela beraiengatik izango. "Eskuinak 23 parlamentari ditu; gainontzekoek 27 ditugu, beraz, aldaketa gauzatzeko aukera bistakoa da".

Zabaletaren hitzetan, erabakia eta lehen pausoa PSNri dagokio, hori delako Parlamentuko bigarren indarra. "Deitzen bagaituzte, iragarritako moduan erantzungo dugu", gaineratu du Zabaletak. PSNk bere garaian Bildurekin ez zuela hitzarmenik egingo esan bazuen ere, garrantzia kendu die orain Zabaletak: "Errealitate politikoa gailentzen zaio esandakoari, eta bai EAEn baita Nafarroan ere PSOEk jarrera aldatuko duela uste dugu".

Hauteskundeek Iruñeko Udalean utzi duten egoeraz esan du beste bat dela, hor NaBai izan delako bigarren indar politikoa eta protagonismo handiagoa hartu behar duela. "Iruñeko egoera Nafarroako Gobernuarenean gertatzen denaren adierazle izango da". Zabaletaren iritziz, boto guztiek merezi dute ordezkatuak izatea, "eta guztiek merezi dute errespetu bera, bai UPNrenak baita Bildurenak ere. "Atzo Migel Sanzek bota zuen boto independendistak kontuan ez liratekeela hartu behar. Bilduz ari da orain, baina lehen NaBaiz hitz egiten zuen horrela. Helburua bera da: boterean mantentzea".

Maiorga Ramirez Bilduren hautagaiak ere UPN Nafarroako Gobernutik ateratzeko eskatu dio PSNri, "gizarteak bere botoekin eskatu duen aldaketa ahalbidetzeko". Roberto Jimenez hautagai sozialista lehendakaritzara aurkezten bada Bilduk ez duela berekoi jokatuko esan du Ramirezek, eta alderdien arteko interesen gainetik aldaketa lehenetsiko duela. Bakartxo Ruizekin, Eva Arangurenekin eta Peio Martinez de Eulaterekin batera egin du agerraldia Ramirezek.

"UPNk botereari eusteko egin dion tranpatik ihes egiteko aukera du PSNk. Hauteskundeetako emaitzek aukera berri bat sortu dute Nafarroan aldaketarako, eta bakoitzak zer egiten duen erakutsi beharko du, non egon nahi duen erabaki", esan du Ramirezek. Azken lau urteetan UPNri emandako babesa PSNk garesti ordaindu duela esan du, eta horregatik utzi diotela bere boto-emaileek botoa emateari. "UPNk oso ondo zehaztuta du bere estrategia"

 

Bere babesaren truke Bilduk ez duela baldintzarik jarriko ere aurreratu du. "Gure erabakia ez da egongo Bilduk gobernuan sartzeko dituen aukeren baitan, ezta horko kide izateko ditugun aukeren baitan ere. Arduraz jokatu eta gure botoak Nafarroan aldaketaren mesedetan jarriko ditugu. Bestelako erabaki bat ez litzatekeela herritarren nahiarekiko leial esan du. PSNrekin akordio bat egitea pentsaezina dela eman dezakeen arren, egin daitekeela nabarmendu du.

Iruñeko Udalari dagokionez ere, UPN gobernutik ateratzea dutela helburu esan du, eta horretarako norbaitekin gobernu akordio bat egin badezakete Nafarroa Bairekin eta Uxue Barkosekin egin dezaketela, "noski".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.