herrialde katalanak

Carod Rovirak ERC utzi du

Herrialde Katalanetako ezkerreko alderdiko presidentea izan zen. Ez dago ados egungo zuzendaritzarekin. "Ezker nazional plurala" osatzeko lanean jarraituko duela esan du.

2011ko ekainaren 4a
18:56
Entzun

Josep Lluis Carod Rovirak (Cambrils, Herrialde Katalanak; 1952) ERC Esquerra Republicana de Catalunya alderdia utzi duela jakinarazi du. Hori esanez bart gutun bat helarazi die Joan Puigcercos alderdiko presidenteari eta Joan Ridao idazkari nagusiari, Rafael Niubo ordezkariaren bidez.

1996 eta 2008 artean ERCko presidentea izan zen Carod Rovira —1987an sartu zen alderdian—. Harekin lortu zituzten emaitzarik onenak. 2008an Puigcercosek hartu zion lekukoa, eta Carod Rovirak esan izan du baztertuta sentitu dela. ERCk gaur aitortu du "pertsona garrantzitsua" izan dela hura alderdian.

Esquerra Republicana de Catalunyak laster biltzarra egingo du, iazko Kataluniako Legebiltzarrarerako eta aurtengo udal hauteskundeetako emaitza txarrak direla-eta, eta Carod Rovirak esan du kongresuan ez eragiteko asmoz utzi duela alderdia. "Aspalditik" zegoen ERCtik urrun —ez dago ados egungo zuzendaritzarekin—, bi orrialdeko eskutitzean dioenez, baina nahiago izan du bozen ostean lagatzea.

"Ezker nazional plurala" osatzeko lanean jarraituko duela adierazi du.

ERCtik 2003tik iaz arte bi aldiz izan da Kataluniako Generalitateko kide, PSC eta ICVrekin hirukoa zutenean. 2004an, baina, dimisioa eman zuen, ETArekin hitz egin zuela-eta jazarpen handia jaso zuelako.

Espainiako Auzitegi Nazionalak 2003an Egunkaria itxi zuenean, Carod Rovirak maiz azaldu izan zuen kazetarekiko elkartasuna, eta auzipetuekin behin baino gehiagotan egon zen. Euskal Herriko bake prozesuari ere lagundu izan dio, eta Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidea askatzeko aldarrikapenak egin ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.