Nafarroa

Yolanda Barcina, Nafarroako Gobernuko lehendakari

UPNren hautagaiak aldeko 28 boto jaso ditu, kontrako 22. Nafar guztientzat gobernatuko duela esan du, "soilik Nafarroarentzat eta nafarrentzat onak diren gauzetan pentsatuz". UPNk eta PSNk herenegun sinatu zuten akordioari esker hartu du gaur Miguel Sanzen lekukoa. 

2011ko ekainaren 23a
22:06
Entzun

Yolanda Barcina UPNko kidea da gaurtik Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz alderdikidearen ordez. Iragarri bezala, UPNk (19 parlamentari) eta PSNk (9) haren alde bozkatu dute, eta gehiengo osoa lortu du horrela, 28 botorekin (26 behar dira). 1996tik egon da agintean Sanz.

NaBaik (8), Bilduk (7), PPk (4) eta Ezkerrak (3) kontra bozkatu dute. Aurkako 22 boz, beraz.

UPNk eta PSNk osatuko dute gobernua, herenegun sinatu zuten akordioari esker. Lehen aldiz egongo dira elkarrekin Nafarroako exekutiboan. UPNk bost sail izango ditu, PSNk hiru.

Gaurko hitzaldian nafar guztientzat gobernatuko duela esan du Barcinak, eta "soilik Nafarroarentzat eta nafarrentzat onak diren gauzetan pentsatuko duela". UPN eta PSNren arteko gobernua "ezberdin pentsatzen" duten bi aldeen arteko ulertzeko gaitasunaren adibide dela esan du.

"Nafarroa hitzarmena lurra da, eta orain akordioaren eta kontsentsuaren fruitu den gobernua izango du", esan du Barcinak. Hala ere, ez UPNk ezta PSNk ere ez dietela euren printzipio eta baloreei uko egin azpiarratu du; elkartzen dituzten gaietan ados jartzeko gai izan direla nabarmendu du.

Barcinaren hitzaldia "hutsa eta zehazgabea" izan dela esan du oposizioak. Patxi Zabaleta NaBaiko buruaren hitzetan, eskasa izan da, eta proposamen zehatzak egitea falta izan du Barcinak. "Ez dago aintzat hartzea merezi duen neurririk", esan du; Barcinaren hitzaldia etsigarria eta atzerakoia izan dela gaineratu du. "Zer egiten du PSN bezalako alderdi batek horrelako hitzaldi bat babesten", galdetu du ondoren.

Maiorga Ramirez Bilduren parlamentariak, berriz, tristea eta hutsa izan dela esan du, eta nafarren interesetatik urrun aritu dela azpimarratu du. "Gizarteak bizi duen krisitik eta Nafarroako errealitatetik erabat urrun agertu da". Gainera, UPNren orain arteko ildoa jarraitu duela Barcinak adierazi du, eta horrek alderdi sozialista kolokan jartzen duela.

Santiago Cervera PPNko zerrendaburuak esan du Barcinari entzun zaiola goizean, baina Roberto Jimenez PSNko kideak agintaldian zer esango izango duen ez dakitela oraindik. "Barcinarena inoiz entzun dudan hitzaldi hutsena izan da. Une honetan Politikak zehaztea behar du, erakitzea eta ausartzea", adierazi du Cerverak.

Jose Miguel Nuin Ezkerrako kideak ekonomia gaiei dagokienez orain arte esan duena errepikatu duela aurpegiratu dio Barcinari, eta orain arteko politika neoliberal eta eskuindarrari eusten diola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.