Albistea entzun

Bakearen alde beti "kiskali" dela erantzun dio Lopezek Egigureni

PSE-EEko presidentea oso kritiko agertu da elkarrizketa batean Espainiako Gobernuarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin. Bakearen bandera Bilduk duela dio eta horrek "tsunami abertzalea" eragingo duela. "Isildu beharra izan dut lehendakariari kontra ez egitearren", azaldu du. Ezker abertzaleak "muga" zeharkatu duela dio, eta ez duela ulertzen zergatik dagoen Arnaldo Otegi espetxean. Presoen hurbilketa defendatu du: "ETA presoak dira, eta presoak dauden bitartean, ETA dago".

Berria -

2011ko urriak 19

Patxi Lopezek AEBetatik erantzun dio gaur Jesus Egigureni, horrek egin dizkioen kritiken ostean. Lehendakariak esan du berak ez duela Egigurenen iritziarekin bat egiten eta beti "kiskali" dela bakearen alde; bakea bere "obsesio" izan dela gaineratu du. Bide batez berak eta Eusko Jaurlaritzak Egiguren "beti" babestu dutela adierazi du Lopezek, PSE-EEko presienteak ez dutela ulertzen salatu ondoren.

Lehendakariarekin oso kritiko agertu da Egiguren gaur El Periódico de Catalunya egunkariak kaleratu duen elkarrizketan. Egigurenek dio Lopezek gehiago arriskatu behar zuela, dena eman, "baita erreko bazen ere eta Madriletik egurra emango bazioten ere". Hausteleek horretarako aukeratu zituztela dio, eta politikariak etorkizuna aurreikusten jakin behar duela. Lehendakariak zuhurregi jokatu duela dio Egigurenek.

"Tsunami abertzalea"

Egigurenek esan du beti amestu duena bizitzen ari dela, baina penatuta agertzen da "batzuk" ez dutelako ikusi aurrean izan duten aukera eta "ez dira konturatu bakearen unea zela". Ondoren zehazten du horiek Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza direla, eta orain dela lau urte ez bezala, zuhurregi jokatu dutela orain. "Bilduri aurrea hartzeko aukera eman dio horrek, bakearen bandera bere eginez, eta horrek tsunami abertzalea eragingo du".

Bere alderdian ez dutela ulertu salatzen du Egigurenek, eta mugak izan dituela. "Eta isildu beharra izan dut lehendakariari kontra ez egitearren. Bere hitzetan "Batasunak" zeharkatu du "muga", eta Arnaldo Otegi zergatik dagoen espetxean ez duela ulertzen. "Legea betetzeko dago, baina horrekin jokatu daiteke", esan du. Egigurenek azaltzen du lehendakariak ez ziola jaramonik egin "Batasunak" batzarretan "indarkeriari uko" egitea erabakitzen ari zela esan zionean.

ETAk konferentziaren ondorioekin bat egingo duela uste du

ETAren balizko agiri batez esan du Egigurenek ez duela desegingo dela esango. Bere ustetan Aieteko konferentziaren ondorioekin bat egingo du, "eta hori asko da". Indarkeria amaitu dela dio PSE-EEko presidenteak, eta politikariek amaiera hori antolatu behar zutela, "ez negoziatu", besteak beste, espetxe politika aldatuz: "Azken finean ETA presoak dira, eta presoak dauden bitartean, ETA dago. Logikaz, etxetik gertu egon beharko lukete".

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...