Albistea entzun

euskara

Euskara salbuesteko dekretua "urrats erraldoi bat" da euskararen normalizazioan, Jaurlaritzaren arabera

Dekretuaren azken bertsioa aurkeztu dute gaur. Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren arabera, "ez dago justifikatuta" administrazio publikoetan euskararen ezaguera egiaztatzeko ziurtagiria eskatzea.

Gaurko agerraldia, Gasteizen.
Gaurko agerraldia, Gasteizen. Gari Goikoetxea

Berria -

2012ko martxoak 23 16:12

Eusko Jaurlaritzak euskara salbuesteko dekretuaren azken bertsioa aurkeztu du gaur, Gasteizen. Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren arabera, "urrats erraldoi bat" da euskararen normalizazioan, eta uste du ez dagoela "justifikatuta" ikasketak euskaraz egin dituztenei administrazio publikoetan eta beste erakunde batzuetan lan egiteko hizkuntza hori ezagutzen dutela egiaztatzeko ziurtagiria eskatzea.

"Herrialde normal baten gisa funtzionatzen hasi gara, herritarrei haien hizkuntza ofizialean inolako hizkuntz ziurtagiririk exijitu gabe", esan du. 

Dekretuaren testua datorren apirilaren 3ko Gobernu Kontseiluan onartuko da,  eta apirilaren 16an argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Dekretu horren bidez, tituluak aurkeztetik salbuetsiko dituzte euskaraz ikasi dutenak. 2008ko apiriletik lortutako tituluetan izango du eragina euskara salbuesteko dekretuak.

Bestetik, Zelaak gogorarazi du gaur egun 37.000 lagun ari direla euskara ikasten HABEko euskaltegietan, eta nabarmendu du horiek salbuespenei buruzko dekretuaren onuradunak izan daitezkeela, "azterketetara aurkeztu behar ez izateak ekarriko dien diru eta denbora aurreztearekin".

"Badakigu zein den egoera soziolinguistikoa. Horregatik ez da salbuespen unibertsala izango. Tentuz eta orekaz ari gara", azaldu du Zelaak. B eta D ereduetako ikasleak salbuetsiko dituzte, Euskara ikasgaia gaindituz gero.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...