euskal herria

Pilotakada batek hil zuen Cabacas, autopsiaren arabera

Hilotzari egindako autopsiak baieztatu du pilotakada baten ondorioz zendu zela Iñigo Cabacas. Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak ostegunean egingo du agerraldia Legebiltzarrean, eta ez ostiralean, hasieran jakinarazi duten bezala. 20:00etan eskualde mailako mobilizazioa egingo dute Algortan. Athleticek dolumina agertu die Cabacasen sendi eta lagunei, ohar labur baten bidez. Bideoa: Bilkura, atzo, Cabacas zauritu zuten lekuan.

2012ko apirilaren 10a
18:17
Entzun

Iñigo Cabacas pilotakada batez hil zen. Gaur arratsean egin diote autopsia gaztearen gorpuari, eta ondorio horretara iritsi dira auzitegi medikuak. Ertzaintzak erabili ohi dituen piloten gisako batek hautsi zion burezurra, eta horrek eragin zion hemorragia eta heriotza.

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak 13:00etan Erandion (Bizkaia) egin duen agerraldian esan du ikerketak aurrera jarraitzen duela, eta "azken muturreraino" eramango dutela gaineratu du. Ez du heriotzaren inguruko hipotesirik baztertu, ezta Cabacas pilotakada batek zauritu zuela dioena ere.

Aresek azaldu duenez, ostegunean 23:30 aldera dei bat jaso zuten, eta Ertzaintza hara bertaratu ondoren oldarkeria "maila altua" zela ikusita, pilotakadaka hasi ziren.

Bigarren dei bat jaso zutela azaldu du, eta horretan anbulantzia bat eskatzen zela, pertsona bat lurrean zaurituta zegoela esanez. Egoera lasaitu zenean, porra bat topatu zutela gaineratu du.

Herrizaingo sailburuak ohartarazi du ez duela onartuko Ertzaintzari "errua botatzea egindako lanagatik".

Ostegunean, Legebiltzarrean

Aresek urgentziazko agerraldia eskatu du gaur Eusko Legebiltzarreko Justizia batzordearen aurrean, eta ostegunean emango du informazioa Iñigo Cabacasen heriotzaren inguruan. Hasieran ostiralerako jarri dute data, baina azkenean aurreratu egin dute.

Cabacasen heriotzagatik protesta egiteko, gaur eskualde mailako mobilizazio batera deitu dute Algortan (Bizkaia), 20:00etan. Haren aldeko hileta elizkizunak bihar izango dira, 19:30ean, Bilbon. Bihar Athleticeko peñek batzarra egingo dute, gertatutakoa aztertzeko.

Lekukoek Ertzaintza izan zela salatu dute

Ostegun gauean Bilbon izandako istilu batzuen ostean "oso larri" eraman zuten erietxera, eta atzo hil zen. Lekukoek diote ertzainek jaurtitako pilotakada batek jo zuela buruan Cabacas, eta hark hautsi ziola burezurra. 28 urte zeuzkan, eta basauriarra zen. 

Ertzaintzak zer gertatu zen ikertzen ari dela adierazi du. Hainbat lagunek dimisioa emateko eskatu zioten atzo Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresi

Herrizaingo Sailaren ikerketaren zain, erreakzioak

Anton Danborenea Legebiltzarreko PPko bozeramaileak gaur ohartarazi du "itxaron" egin behar dela Ertzaintzak ondorioak atera arte. Haren arabera, Herrizaingo sailak PPri jakinarazi zion "ez zekiela botilakada bat izan zen, harrikada bat edo gomazko pilotakada bat". Bilboko Bildu alderdiak udaleko bozeramaileen batzordea biltzeko deia egin du. Dena den, Iñaki Azkuña Bilboko alkateak esan du momentuz ez dutela neurri berezirik hartuko.

Mikel Martinez EAJko parlamentariak "erabateko ardura" eskatu du gaur gertatutakoa ikertzerakoan, "erantzukizunak noraino heltzen diren ezagutzeko". Pernando Barrena ezker abertzaleko kideak azaldu du Aresek "gezurra" esango duela ikerketaren inguruan, eta uste du balio gehiago duela "edukiontzi batek edo bestelako ondasun publiko batek, pertsona baten biziak baino".

Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak salatu du Santurtziko alderdi sozialistaren egoitzan agertu diren pintakekin "Batasunaren munduak politizatu" egin nahi duela Cabacasen heriotza. Pastorren arabera, pintaketa horietan hiltzaileak hitza ageri da.

LAB sindikatuak Cabacas Liceranzu familiaren saminarekin bat egiten duela azaldu du, eta "ardura guztiak, baita politikoak ere" argitzea eskatu du. Athleticek ere doluminak erakutsi dizkie Cabacasen sendiari eta lagunei, ohar labur baten bidez.

Ezker abertzalea, Aralar, EA eta Alternatibak ere Aresen berehalako dimisioa eskatu zuten atzo, Bilbon emandako prentsaurreko batean, Iñigo Cabacasen heriotzean Ertzaintzak zerikusi zuzena duela iritzita. "Ares da Cabacasen heriotzaren erantzule politikoa", azaldu zuten.

Elkarretaratzea, atzo

Atzo arratsaldean omenaldi jendetsua egin zioten Cabacasi, gaztea zauritu zen Maria Diaz de Haro kalean. Isiltasunean egin zuten, haren lagunek horrela eskatuta. Cabacas zauritu zuten lekuan lore eskaintza egin zioten lagunek, eta haren omenezko kandelak piztu zituzten, emozioei eutsi ezinik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.