konponbideari begira

Euskal gatazka konpontzeko "etxeko lanak" egiteko eskatu dio Raxoiri Madrilgo plataforma batek

Espetxe politika aldatzeko, Sortu legeztatzeko, ETAk eta Espainiak elkarrizketak egiteko eta bazterketarik gabeko elkarrizketa politikoari ekiteko eskatu dute 'Bakea eta Demokrazia Euskal Herriarentzat' agirian. Gobernuak manifestuaren berri baduela esan dute, baina "oraindik" ez dutela eratzunik jaso. Sinatzaileen artean dira Julio Anguita, Adolfo Perez Esquivel eta Pilar Bardem.

2012ko apirilaren 19a
19:08
Entzun

Asteartean iragarri zuten bezala, gaur aurkeztu dute Madrilen Bakea eta Demokrazia Euskal Herriarentzat agiria hango irakaskuntzako, politikako, kazetaritzako, ingurumeneko eta beste esparru batzuetako lagunek, eta euskal gatazka konpontzen joateko Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuari "etxeko lanak" egiteko eskatu diote.

Euskal presoak gerturatzeko, behin-behinean kartzelan dauden, larri gaixorik diren eta zigorraren hiru laurdenak beteta dauzkaten presoak askatzeko, Sortu legeztatzeko eta legez kanporatze politika amaitzeko, biktima guztiak aitortzeko, ETAk eta Espainiako Gobernuak elkarrizketak egiteko eta bazterketarik gabeko elkarrizketa politikoari ekiteko aldarrikatu dute agirian.

Ateneo aretoan izan da prentsaurrekoa, eguerdian. Dagoeneko 300 lagunek baino gehiagok sinatu dute agiria. Arduradunek diote martxoaren hasieran ekin ziotela idatzia egin eta atxikimenduak biltzeari. Horien artean dira, besteak beste, Julio Anguita, Adolfo Perez Esquivel, Pilar Bardem, Jose Luis Sampedro, Willy Toledo, Federico Mayor Zaragoza eta Isaac Rosa.

Carmen Lamarcak agerraldian esan du Espainiako Gobernuak baduela manifestuaren berri, baina "oraindik" ez dutela haren eratzunik jaso. Exekutiboak pausoak emango dituen itxaropena dutela azaldu du. Halaber, iragarri du maiatzean ekitaldi handi bat egingo dutela; dena dela, ez du xehetasunik eman.

Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan "garai politiko berria" zabaldu dela diote, eta hori baliatu beharra dagoela, luzapenetan ibili gabe. Bruselako Adierazpena, Gernikako Akordioa, ezker abertzalearen estrategia berria, Donostiako Nazioarteko Konferentzia eta ETAren urriko erabakia azpimarratu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.